Seed of love
Estatuko bluesaren esparruaren barruko historiaz hitz egin behar bagenu, urteetan zehar egindako lana, artea eta musika ibilbidea nortu behar bagenitu eta putzuaz honaindiko bluesaren erregina handien oinordekotzari izena jarri behar bagenio, ez genuke zalantza izpirik izango, Big Mama Montse litzateke izen hori. Izen hori dagoeneko sakon iltzatuta dago zaleen memoria kolektiboan, ia 30 urteko ibilbide oparoaren ostean, dibulgaziozko lan gaitza egin ondoren, hogeitik gora disko kaleratu eta ezin konta ahala sari jaso eta milaka kilometro egin eta gero bluesak duen erreferentzia nagusietako bat baita gaur egunean penintsulan.
Eta arte ekoizpena, antzezlanak eta konposizioa gitarra jotzaile gisa egindako ibilbide luze bezain nekaezinarekin uztartzen dituen generoaren baitako balio handiez hitz egin behar bagenu, birtuosismoa, freskotasuna eta talentua uztartzen dituzten balioez hitz egin behar bagenu, ez genuke dudarik egingo, Tòfol Martínez litzateke izena.
Bi esparru horietako alderdi onenek partekatzen dute proiektu hau. Eurek ekoitziriko diskoa da, Lluís Costak grabatu zuen 2016ko abenduan Soundclubstudio estudioetan. Lan hau apailatzeko Kataluniako agertokiko eskarmentu handiko bi musikari izan dituzte lagun, Isaac Coll baxu jotzailea eta Andreu Moreno bateria jotzailea, hauek ere laukote kideak baitira. Generoaren ortodoxia dute abiapuntu, baina sorkuntzaz eta eklektizismoz beteriko txango batera gonbidatzen gaituzte jarraian, une oro agerian utzirik Big Mama Montseren konposizio lan aparta eta Tòfol, Isaac eta Andreuren aldakortasuna, gustu ona eta lan bikaina.
Diskoari izena ematen dion gaian, "Seed of love", aipagarriak dira ahotsak, funkaren ukituak dituen bluesari lotutako letra bikainak, sekzio erritmikoak moldaketetan egindako lan aparta eta gitarrek eskainitako lan ezin hobea. Jarraian "Act right" aurkezten digute, Wynona Carr handiaren klasikoaren moldaera zoragarria, jatorrizko gospelaren funts ezin saihestuzkoarekin baina bandaren ukitu eguneratuarekin. Big Mama Montseren sinadura darama hurrengo gaiak, "Howling on the ground", shufflearen eta swing bizienaren arteko bidean, baita "Sex appeal" funk erakargarriak ere, The Meters taldeak berak ondutako erritmo ezin egokiago batez apailatua balitz bezalakoa bera. Era berean, aipatzekoa da "Tell me why you look so evil" slow landua, aldaera ugarirekin, ahots pasarte biribilarekin eta soilik gitarra sutsuak hartzen duen tartearekin, "No words on the line" gaiari leku egin baino lehen. Jarraian "Peace to the world", Trade Martinek idatzia eta generoko izar handiek, besteak beste B.B. King handiak, moldatua. "No more tears & pain" gaiak agerian uzten dizkigu Tòfolen aldakortasuna eta gustu ona bere lana betetzeko unean, eta beste horrenbeste gertatzen da "New day Blues" slow eklektikoarekin; biak ala biak dira Big Mama Montsek sinatutako lanak. Eric Bibbek idatziriko "Don´t let nobody drag your spirit down" shuffleak funtsean abesti handiak maite dituen banda bat uzten digu agerian. Kermit Ruffinsek idatzitako "When I die you better second line" zoragarriak –aipagarria da Tòfol Martínezek dobroarekin eta nabarmentzekoa maisutasunez egiten duen erakustaldi aparta– amaiera ematen dio nazioartean oihartzun handia izan dezakeen bilduma honi.
Generoaren ikuspegia galdu gabe eta aurrera egiteko moduko oraina eta esperientzia, talentua eta gustu ona biltzen dituen blues disko bat bilatu behar bagenu "Seed of Love" litzateke haren izenburua, eta Big Mama Montse . Band litzateke hura burura eramateko taldea.