Hitza eta musikaren arteko elkarrizketa
- Hitz bat. - Hitz bat! - Zer da hitz bat? - Hitz bat, hitz bat baino gehiago da. Mundu bat, uholde bat. - Musika. - Zer da musika? - Musika eskuekin harrapatu ezin dena da.
- Hitzak oroitzen ditugu. - Oroimenaren hitzak beti dira berriak. - Hitz batek gure oroimenean sortzen duen ohiartzuna hitza bera baino luzeagoa da. - Musika ahanzten dugu. - Sorkuntza oroimenaren musika baino ez da. - Une konkretu batetan entzuten den musika, oroimenean dagoena bezain ukiezina da.
- Egin ezazu aproba etxetik urrun egokitzen zarenean: esan ezazu ozen zure maitearen izena eta burutazio luzeetarako bidea zabalduko zaizu. - Lehen burutazioa ea zein den nire maitearen izena.
- Oroimena eta arrazoia. - Bihotza eta sentipenak. - Hitz batek bihotzean sortzen digun samina hitzaren esanahi soila baino sakonagoa da. - Musika eta bihotza. - Gustoko musikarekin ia menderaezinak gara. - Aian baserritarrek musika jartzen dute ikuiluan behiek esne gehiago eman dezaten. - Nola berpiztu hitz galdu baten isiltasuna? - Jar ezazu doinu batekin txortan, aidean, eta hor izango duzu berpizturik: - Kantua.