Gaua hotza negua
Esnatu eta tren huts batean nago. Jomugara aspaldi iritsia, bagoi luzea jendez hustu da. Ilunak hoztu egin du kristalaren kolorea. Geltokian ere inor ez, bakardadearen estuasunetik ihesi denak.
Ahuldua, ezer egiteko kemenik gabe, ikara sentitzen dut, tristurak itotzen nau.
Nola iritsi naiz izarren distira izoztuaren pean hedatu den desanparo gordin honetara? Nola barneratu zait txakur basatien izu deslaia bihotz zuloraino?
Tren huts batean bezala sentitzen naiz, maite, esnatu eta ondoan ez zauzkadanean.