Bide ertzeko lapurra
Heriok besterik ez dezake egin irribarre prostituta hark egiten zuen moduan. Herio besterik ez daiteke, zinez, hain ederra izan. Gaztain errearena azala, gauari ostutako bi botoi haren begiak, burdin gorriarena haren mihiaren ukitua, hortz zuri haien irribarrea egunsentia zen ahoaren gangan. Oso gutxi hitz egiten zuen, baina zakila laztandu zidanerako bere hankartean urtzeko gertu jarri zitzaidan haragia. Argia itzalita, azpian hartu nuen, bustian labain lerratu nintzaion, Coruñakoa, ume bat zeukan, eta atera gabe bira egin eta gainera ekarri, sugelindera gerri bihurria ene esku artean irristan. Orduan argia piztu nuen eta erasoak azkartu egin zituen: sabelpeko bidelapurra zen haren alua. Eta orduan ikusi nuen, txinparta baten ziztada aire beltzean, neskaren aurpegian, gogo-truke larrutan ari denaren plazer distira.