MUSIC CROSSROADS SOUTHERN AFRICA

Jeunesses Musicales International erakundearen ekimen guztiz berezia da Music Crossroads Southern Africa, eta herri, nazio eta lurralde mailako jaialdi/lehiaketa sorta batean oinarritzen da, Zimbabwe, Mozambike, Malawi, Tanzania eta Zambiako gazte musikariak bultzatzeko xedean.
MCSA ekimenak heziketa eskaintzen die gazte musikariei eta auto-estimua, adierazpen askatasuna eta gizarte mailako elkarrekintza garatzeko aukera ere eskaintzen die.Gainera, nesken parte hartzea sustatzen du MCSAk programa honetan “Girls Only” delako proiektuaren bidez. Musikari gazte hauen etorkizuna HIES-a bezalako gaitzek zapuztu ez dezaten tailer espezializatu batzuk antolatzen dira, eta bertan parte hartzaileek lasai hitz egiten dute sexualitate, itxaropen eta bizitzaren inguruko gaien inguruan.
MCSA ekimenak 15 eta 25 urte bitarteko musikari gazte afrikarrei beren musika arloko ahalmenak garatzeko aukera eskaintzen die tailer, jaialdi eta lehiaketen bidez. Musikariok musika arloko profesionalen aholkuak eta ezagutzak egiten dituzte bere, eta lanbidearen nondik norakoak ezagutzen dituzte Music Crossroads jaialdian. Era berean, aukera guztiz egokia dute beste gazte musikariak ezagutzeko, eskarmentu baliotsua edukitzeko eta sari erakargarriak –musika tresnak, grabazioak eta birak Europa, Asia eta Estatu Batuetan barrena– eskuratzeko xedean lehiatzeko.
MCSA ekimenak musika egitura iraunkorrak sortzen ditu herrialdeotan, ikastaroak eta tailerrak eskaintzen dizkie zuzendariei, eta bulegoak eta kultura etxeak zabaltzen ditu han eta hemen.
1996. urtean sortu zenez geroztik, gutxi gora-behera 28.000 musikari izan dira ekimen honen xede, eta musikari horien jaialdiek 600.000 inguru ikus-entzule bildu dituzte. Musikari gazte hauek gazte askoren inspirazio iturri dira, musikagintzara hurbiltzen baitira beren herrietako idoloen urratsei jarraiki.
MCSA da Hego Afrika osoko musika proiekturik garrantzitsuena, eta Mundu Bankuaren arabera Afrikako kontinentean gazteen kultura-gizarte garapenerako proiekturik nagusiena.
MCSA-k, UNESCO eta HIES ditu lagun, baita Suediako nazioarteko elkarlan eta garapen agentzia eta Norvegiako Kanpo Harremanetarako Ministerioa ere.
Informazio gehiago nahi izatera, ikus: www.myspace.com/musiccrossroads eta www.music-crossroads.net