DEBAJAZZ/ Ibetondoko Jazza Debabarrenian
JAZZA EZ DA UDAREKIN AMAITZEN
Udako jaialdiek eskaintzen dizkiguten lehen mailako musikariekin gozatzeko ezin konta ahala aukerak amaitu ez diren artean, ondo gorpuzten ari da Deba bailarako jazzaldiaren edizio berria. Deba Behereak, berriro ere,Euskal Herriko eta beste leku batzuetako jazz proiektu interesgarri batzuen kontzertu sail bati egingo dio leku. Jaialdi hau gure musikariei arreta berezia eskainiz sendotzen da, eta berrikuntza gisa, talde berrien lehenengo lehiaketa antolatu da.
Errabal Kultur Elkarteak, 2004ko udazkenean, errealitate bihurtu zuen amets txiki bat Debajazz sortu zuenean: jazzaldi xume bat “etxean” izatea. Hasiera-hasieratik, Deba Behereko herrietara (Mutriku, Elgoibar, Arrasate...) kalitatezko jazz emanaldiak ekartzea izan du proiektu honek xede nagusi –izan ere, lehenengo edizioan *Iñaki Salvador eta Victor de Diego* bezalako musikari ezagunek jardun zuten–, beti ere arreta berezia eskainiz gertuko musikariei.
Sarritan esan izan da udako jazzaldiak turistei zuzenduriko ekitaldiak direla, musikaren beraren ez baizik eta ostalarien eta aisiaren interesen araberakoak direla, eta egia biribila da... Ildo honetatik, hurrengo edizioko egitarau berria egiteko orduan jazza bera izan dugu xede bakarra.
Jaialdiaren izaera ibiltariak (egunetik egunera herri ezberdin batek egiten dio leku kontzertuari) azpimarratu egiten du musika molde hau egitarauak prestatzen dituztenek albora utzi ohi dituzten lekuetara hurbiltzeko dugun interesa. Debajazz jaialdiarekin musika hau salbuespenik egin gabe ezagutarazi nahi dugu, ez dugu egun bakarreko lorea izatea nahi, urtetik urtera bere hondar alea uztea nahi dugu. Eta nahi hau azpimarratzeko erarik onena egungo musikari gazteei bertako jazzaren maila bikaina erakusteko aukera ematea da: bigarren edizio honetan aurkezten dugun berrikuntzen artean aipagarria da Talde berrien I. lehiaketa; parte hartzeko eskaera egiten duten guztien artean (eta urtetik urtera gehiago izatea espero dugu) bereiziriko 4 taldek parte hartuko dute bertan.
Luze gabe ezagutaraziko dugu behin-betiko egitaraua, guztion gustukoa izango delakoan. Esan gabe doa, guztiak zaudete gonbidatuta. Zain zaituztegu...