Iruzkina
Debajazz Jaialdiko Talde Berrien lehiaketaren aurreneko edizioan maila bikaina erakutsi zuten parte hartzaileek. Azken fasean jardun zuten lau taldeetatik edozeinek merezi zuen disko hau, baina Zafari Project talde madrildarrak eskuratu zuen saria. Taldearen lehenengo grabazioak era guztietako duda-mudak uxatzen ditu: zalantzarik gabeko be-bop eta hard bop. Flower Blues eta Kipoff gaiak Thelonious Monkek edo Charlie Parkerrek idatziak izan zitezkeen. Era honetako pasarte azkarretan swingzale eta garratz ageri dira, hots mailako iruzkin ironikoko ukitu barregarriekin. Bestetik, gai motelagoetan ( *Sofía eta Balada para Patricia* gai ederretan, esaterako), gure garaiko New Yorkeko jazzaren ukitu arinak –batere nabarmena ez den lirismoaz gain– hautematen dira. Zafari Project taldeak agerian uzten du ongi ezagutzen dituela klasikoak: Wayne Shorter, Bud Powell, Sonny Rollins... eta taldekideak hain gazteak izaki, pentsatzekoa da klasikoen musikarenganako hurbilketa zoragarri eta labur honen ostean luze gabe emango dituela ezusteko handiagoak.