Hemen zaude: Hasiera Denda Txukalda Iruzkina

Iruzkina

Txukalda

Songwriter edo kantu idazleen tradizioak agintzen duen eran, tabernazuloak izan ziren Morauren kantuetarako lehen aterpea. Musikaria trebatzeko eta haren sena neurtzeko leku aproposak dira tabernak, bat-batean topatutako entzulearen arreta bereganatzeko lehia horretan bere armak erakutsi behar baititu. Moraurenak ondo zehaztuta zeuden hasieratik: gizartearen erretratu ironikoa eskaintzen duten pop kantu zuzenak egiteko argitasuna —Billy Bragg eta Woody Guthrieren miresle izanik, ezin bestela izan—, bihotzaren kontuak balada goxoetan islatzeko sentsibilitatea, eta, oso garrantzitsua Morau ulertzeko, umorea, kantautoreen transzendentziarako joeratik aski urruntzen duen ezaugarria.

Nortasun propioa izateaz gain, xarmako kantari agertu zen hernaniarra, salbuespen goxo bat euskal musikan. Bakarlari, baina ez bakarrik. Kantuak grabatzerako orduan babestua sentitzeko beharra gertatu zaio Morauri. Talde finkorik ezean, musikari ezberdinengana jo du beti. Lehen diskoko kantuak Joxi Ubedarekin (Bukaera, Anima Vili, Batzuk, Tanta) entsegu lokalean eta zuzenean landu ondoren, Deabruak Teilatuetan taldeko musikariekin grabatu zuen Morau (Gaztelupeko Hotsak, 1997). Bertako kantu batzuk ahoz aho zabaldu eta kontuan hartzeko oihartzuna izan zuten, Nork daki, Amodio historioa eta Guk mundua aldatuko dugu kasu –azken hori telesail baterako sintonia gisa erabili zen .

Kanpoan geratutako kantuak EP akustiko batean Kantu galduak (Gaztelupeko Hotsak, 1998) gorde ondoren, bigarren lan luzea, Amodio domestikoak (Gaztelupeko Hotsak, 2000), karrikaratu zuen. Aurrekoa baino helduagoa eta intimistagoa, musikari berriekin egina –Tolosa connection-en ordez Bera connection-ekin lanean hasi zen (Petti, Joseba Irazoki, Beñardo Goietxe...) eta estilo gehiagotara irekia (eragin amerikarra nabaritzen hasten da), disko hura aurrerapauso bat izan zen Morauren ibilbidean, eta besteak beste Smog taldearen Bilboko Kafe Antzokiko kontzertua irekitzeko aukera eskaini zion.

Dena den, lau urte itxaron behar izan dugu Morauren lan berria, Txukalda, esku artean izateko. Azalean topatuko duzu diskoko nobedade esanguratsuena, bere izenari taldearena eransten dion lehen aldia baita. Beñardo Goietxe (gitarra eta ahotsa) eta Jexux Agirresarobek (baxua) aurreko diskoan parte hartu bazuten ere, geroztikako denbora honetan osatu Igor Mendia (bateria) sartu da eta sendotu da taldea. Eta zinez nabaritzen dela entsegu lokalean egindako lana eta musikalki lortutako bilakaera. Aurreko diskoetan estilo zein soinu aldetik somatu zitekeen batasun eza desagertze aldera, talde lanean oinarritu da Morau hamabi kantuoi kohesioa emateko, eta kolaborazioak beharrezkoenetara murriztu ditu. Beste taldekideen ekarpena gutxietsi gabe, Beñardo Goietxeren lana nabarmentzekoa da. Haren ardura dira gitarra fresko eta jostariak, eta gurean antzekotasunik ez duten bigarren ahots fin eta irudimentsuak. Horrez gain, funtsezko eragina izan du Morauren beraren garapen musikalean. Doinuen aldetik, aniztasuna dago: rock amerikarra (Atzerritarrak, Hitz horrek), naïf ukituko popa (Egunero), baladak (Susmoa), intimismoa (Azken igerilaria), Jabier Muguruzaren akordeoian kulunkaturiko malenkonia (Geltokiak), eta tradizioaren berrikuspena (aurreko diskoan Mikel Laboaren Martxa baten lehen notak eta Hamalau heriotzak kantu herrikoiarekin egin bezala, Xabier Leteren Haizea dator bere egin du oraingoan). Urteak pasa dira diren, salbuespen goxo bat izaten jarraitzen du Morauk.

Aipamen berezia merezi du Mattinek egindako ilustrazio lanak ere. Argia aldizkariak argitaratzen zuen Bokarta komikiaren garaitik ez zuten berriro elkarrekin lan egin abeslariak eta marrazkilariak. Munduan beren lekua, fisikoa eta afektiboa, bilatzen ari diren pertsonaiez mintzo zaizkigun istorioen gaineko bere irakurketa pertsonal eta iradokorra egin du Mattinek.

J.E