Hemen zaude: Hasiera Denda Solipsismo

Solipsismo

2022ko Otsaila
CD
10

 

Solipsismo” Musikeneko Master ikasketen barnean sortutako proiektu aske bat da. Iaz grabatutako zuzeneko emanaldi bat, ia batere ukiturik ez duena, musikarien arteko lotura magikoaren isla freskotasun osoz erakutsi nahian. Satxa Soriazu pianoan, Javier Callén kontrabaxuan, Miguel Moisés tronboian eta Juanma Urrizak baterian osatzen duten taldea, hain zuzen ere.

Ennio Pinillos-ek, interpretazio eta ikerkuntza Masterra garatu du Musikenen, Donostian. Horrez gain Nafarroako Goi Kontserbatorioko irakasle eta Ennio Pinillos Quintet taldearen liderra da eta “Jonathan Hurtado & Ennio Pinillos” bikotearen eta Jose Barriok zuzendutako boskotearen partaide.

Satxa Soriazu donostiarra, Musikeneko lizentziatu eta goi mailako graduatua da ere Jazz musikan. Up Quartet, Eje Jazz Group, RS Faktor, The Spring Onion eta Alberto Arteta Group taldeen partaidea da ere.

Javier Callén Monzon-en jaio zen, Huescan, eta Nafarroako Goi Kontserbatorioko jazz goi tituluduna da. Irakasle eta musikari bezala proiektu anitzetan aritzen da.

Miguel Moisés Tromboranga talde esplosiboaren partaide da eta bere Miguel Moises Quintet proiektuaren liderra ere.

Juanma Urriza egungo euskal musikari belaunaldiaren adierazle nagusietako bat da, bere estilo pertsonal eta nahastezinari esker milaka proiektuetan “sideman” moduan aritua eta Juanma Urriza Laukotearen zuzendaria ere.

 

Ennioren musika dotoreak ziurtasun baino askoz galdera gehiago eragiten ditu. Hasera batetan erakusten duena baino gehiago iradokitzen du. Den dena geure buruaren barnean dago eta amaitezina da. Saxo, kontrabaxua, tronboia, piano eta bateria. Lirika bare eta baketsuzko soinuaren oinarria, ñabarduraz betea, arropa klasikoa erakutsi arren sailkatu ezina azken batetan.

Ennio Pinillosek bere bidea bilatu izan baitu beti, estetika kontu handiz zainduz, emozioen hari gidari baten moduan, beragan eragina izan duten edo bere musikak iradokitzen dizkigun estiloetatik haratago.

Gaitasuna, sentsibilitatea, heldutasuna eta konfiantza handia irudimena aske utzi ahal izateko eta geure buruaren alde ezkutua esploratu ahal izateko. Ezusteko edertasun zoragarriz azaltzen diren ideien iturri, beti hor gure barnean esnatzeko zain egon diren irudien kitzikari. Euskal jazz eta musika askearen mugarri txiki erraldoia.



Agian hauek ere gustatuko zaizkizu ...