Paul San Martin & Romain Gratalon
Ibilbide luzea egindako bi musikari dira Paul San Martin piano jotzaile eta abeslaria (Donostia, 1979) eta Romain Gratalon bateria jotzailea (Akize, Frantzia, 1989). 2011. urtean ezagutu zuten elkar, Nico Wayne Toussaint frantziar aho-soinulari handiari bere biran lagundu ziotenean. Hasiera-hasieratik ongi moldatu ziren biak, eta Memphis Slim & Michel Denisek osatutako taldearen molde bertsuko bikotea osatzea erabaki zuten. Urte hauetan hamaika emanaldi eskaini dituzte Frantzian nahiz Espainian. Leku garrantzitsuetan jardun dute, esate baterako, Parisko Caveau de la Huchette ezagunean, Bordeleko Comptoir du Jazz aretoan eta Paueko Shoe Case aretoan, eta beti egin diete oso harrera beroa. Frantzian ere, Texaseko Austingo Chris Ruest gitarra jotzaile eta abeslariaren oinarrizko taldekide izan dira. Iragan uztailean beren azken proiektua aurkeztu zuten Heineken Jazzaldiaren 50. edizioan, eta estudio batera joan ziren bi gai Single formatuan grabatzeko eta argitaratzeko asmoz.
Paul San Martinek ondutako gaiak:
SAN MARTIN BOOGIE: "My Own Boogie" izenburua eman niezaiokeen. Neuk ondutako Boogie Woogie bat eduki nahi nuen. Memphis Slimen "Memphis Boogie" gaiaren ukituak dauzka melodiak, baita Boogie Woogie Trio (Meade Lux Lewis, Albert Ammons, Pete Johnson) hirukotearenak ere. Estatu Batuetan bizi den Carl Sonny Leyland ingeles piano jotzaile bikainari hartua da gaiaren erdialdeko baxuaren hirukoen ideia.
I JUST CALLED: Aaron Mooreren gai zoragarria. Moore Chicagoko molde klasikoko azken piano jotzaileetako bat izan zen, 2013an zendu zen 95 urte zituenean. 40 urtetik gorako ibilbide luzean zehar, musikari askori lagundu izan zien Moorek, horien artean aipagarri Little Walter, Howlin’ Wolf, Muddy Waters, Hound Dog Taylor eta BB King.
Stay Blues taldeko kide gisa ezagutu zuten blues, jazz eta bestelako doinu beltzen jarraitzaileek Paul San Martin. Bluesaren tradizio luzearen gaineko ezagutza zabalaren lekukotza utzi zuen Stay Bluesek hala zuzenekoetan nola grabatutako disko bakarrean (Stay Blues, Gaztelupeko Hotsak, 2007). Haatik, 15 urte zituelarik hasi zen jendaurrean jotzen Paul San Martin, eta gaur egun bluesaren piano tradizioan murgilduta dabil, stride eta boogie woogie bezalako estiloak lantzen. Azken urteotan bakarkako jardunari emana da San Martin, konposatzen eta zuzenean jotzen -2013an bertan Donostiako Jazzaldian jotzeko aukera izan du- baina besterentzat jotzen ere ikusi dugu, Triz3ps, Soulbros eta The Romanticos taldeekin esate baterako. Eta konsagratutako bluesmanekin partaidetza gero eta sarriagoak: Nico Wayne Toussaint, Romain Gratalon, Lluis Coloma, Billy Boy Arnold, Donostiako Mojo Workin…
Tracks diskoarekin (Gaztelupeko Hotsak, 2011) egin zuen bakarkako estreinaldia San Martinek. New Orleans hiriko doinuei egindako omenalditzat har zitekeen disko hura, zeinean, blues, rhythm & blues, boogie, jazz, gospel eta calypsoko pieza klasikoak bildu zituen, baita berak sortutako ale bat ere. Antzeko ildoari heldu dio Paul's Mood (G.Hotsak, 2013) lanean ere. Berriz ere pianoaren laguntzarekin, hainbat egile handiren blues, jazz, boogie eta gospel kantuak berregiteko. Eta honezkero garbi geratu da, pianoan gero eta maisuago eta ahotsean gero eta seguruago ari dela Paul San Martin.
Artista bereko diskoak
-
meets The Broken Horns
2022ko AbenduaSingle
10 € -
A French Session
2019ko OtsailaCD
10 € -
Paul´s Mood
2013ko AzaroaCD
10 € -
Tracks
2011ko IrailaCD
10 €
Agian hauek ere gustatuko zaizkizu ...
-
Paul´s Mood
Paul San Martin
2013ko AzaroaCD
10 €