Hemen zaude: Hasiera Denda Let Go

Let Go

2018ko Urtarrila
CD
10

   Chris Kasek egina zeukan lehendik lan bat Errabal Jazz-erako, My Private Circus (2013). Lan hura dena berak bakarrik egindakoa dela esan genezake, baina honakoan laukote batean datorkizu, Marcos Collado (gitarra), Ander Garcia (kontrabaxua) eta Miguel Benito (bateria)  dituela lagun, hirurak ere Madrilgo jokalekuetako lankideak eta hainbat proiektutan arituak Chrisekin. Erran gabe doa beraz ezin egokiago harremandutako lana egin dutela, eta diskoak ezagun du konplizitate lasaian aritu direla. Onerako, bistan denez.    

 

   Albumak Teaser dauka atari, Charlie Parkerrek ezaguna egin zuen Star Eyes klasikoan oinarritua. Chris Kasek soprano eta kontralto arteko mezzoan dihardu presarik gabe Marcos Colladoren azpi harmonikoan barrena. Gainerakoan, diskoak halako oreka eredugarri bat dauka sutsuaren (Teaser, Riff One, Puddle Jumper) eta barnetasunaren artean (The Wishing Song, Afastado), gitarrak eta tronpetak solas adierazkorrak egiten dizkizutela. Chris Kaseren omenaldi pertsonalak ere ageriko zaizkizu, Ralph Towner edo duela lau urte zendutako Ken Wheeler kolega zaharra oroituz albuma zigilatzen duen pieza hunkituan.

 

 

   Europan egiten den jazz onenean txertatzen den lana duzu Let Go, garaian garaiko joeretatik haratagokoa: Chris Kasek eman egiten dizu bere kolkotik apal bezain eskuzabal, eta eraman zaitzala erabakiko duzu.


Artista bereko diskoak


Agian hauek ere gustatuko zaizkizu ...