Hemen zaude: Hasiera Denda Karidadeko Benta Iruzkina

Iruzkina

Karidadeko Benta bidegurutze batean zegoen benta zaharra zen. Bertan, inguruko bertsolari ospetsuenak elkartzen ziren Dionisos jainkoaren inguruan. Nor ez litzateke zoriontsu izango halako bentan, bertsoz eta sagardoz gainezka!

Benta hartatik hartu du, beraz, izena Karidadeko Bentak, bertako musika eta festa giroa berpiztuz. Aipaturiko benta bezalaxe, Karidadeko Benta ere bidegurutze bat da, non Garaiko bertso eta koplen ondoan kultura eta estilo ezberdinetako soinuak ditugun. Tradizio aitzindaria eta aire berriak naturaltasunez elkartzen dira.

Herri orkestatxo baten izpiritu eta instrumentazioa du, musikari ibiltariak bailiran, mundu osoko zaporeak banatuz, ekialdeko zingaroak, flamenkoak zein Feliniren pertsonaiak gogoraraziz, Euskal Herrian kokaturik beti ere.

Tradizioa eta modernitatearen arteko muga gainditua dago, denak egiten du bat Karidadeko Bentan. Entzungo dituzu kantuak eta aldi berean berriak eta betikoak irudituko zaizkizu; zure belarrietara ohikoa ez den zerbait sartuko da baina ez zaizu arrotza egingo, lehenago edo geroago zeurea den zerbait aurkituko duzu Bentan, izan ere denetarik eta guztiontzako dago.

Badauka bereizten duen beste ezaugarri bat ere: zuzenekoetako bapatekotasuna.. Kantaria jende artean sartzen da eta honi eta hari, ikusten duenari kantatzen dio. Horregatik badituzte zenbait kantu beti berriak izango direnak.

Karidadeko Bentako kolore abanikoaren berri izan dezazuen erreferentzia batzuk ematearren, honako pertsonaia eta elementu hauek bere presentzia dute disko honetan: Txirrita (aurreko mendeko euskal improbisadore handienetakoa), Remedios Amaya (flamenco abeslari ezaguna), Jose Azarola (Broadwayen triunfatu zuen pianojole zumaitarra), Marokoko doinu herrikoiak, doinu iraniarrak, karibearra, du ela 3 mendeko Terranovako kopla zaharrak...

Gainera artearen arlo ezberdinen nahastea ere badago partaideen artean: Aran Santa Maria margolaria da; Inazio Tolosa antzerkigile eta aktorea, Mancis arte plastikoetan eta komikigintzan aritzen da; Imanol Manterolak metalean egiten du lan eta Jon Maia ezaguna da frontoi handienetatik plaza txikienetara egin duen bertsosaio mordoagatik. Aldi berean, hainbat kolaborazio egin diru musika talde ugarirekin: 70 kantu baino gehiago idatzi ditu aunitz talderentzat: Negu Gorriak, Gozategi , Anari, Mikel Urdangarin, Def Con Dos... Orain berriz, proiektu berri honetan, bere taldearentzat egiten ditu hitzak eta abestu ere berak egiten du.

Posible al da guzti hori naturaltasun osoz biltzea disko batean? entzun eta zuk zeuk egiaztatuko duzu. Aire zahar eta berriak, aire horiekin datozen istorioak... beharbada ez duzu etxera itzuli nahiko eta Bentan geratuko zara. Edo Benta zugan geratuko da.