HAU - LP + CD
Duela pare bat urte, Ura patrikan izeneko disko bat agertu zelarik, harrituta geratu ginen asko. Zer ote zen hura? Nondik irten ote zen? Kantetan, musika mota zenbaiten ezaugarri garbiak antzeman bazitezkeen ere (jazzarenak, Brasilgo musikarenak, are gure herri kantagintzarenak), horiek denak modu harmoniatsuan ageri ziren, gehienetan zerbait berezia eta, maiz, gozoa osatuz. Izendatzen zaila zen zerbait. Kantuak euskaraz eta erdaraz (ingelesez, gazteleraz) emanak zeuden, gainera. Hizkuntza gorabehera, hitzek mundu pertsonal baten berri ematen ziguten, kantuz kantu. Batzuetan, bere adierazpidea surrealismotik gertu aurkitzen zuen mundu bat, gozotik beste mikatzetik zuen mundu bat. Maite Larbururen mundua, hain zuzen ere. Haren auzo Josh Cheathamen gitarrak biltzen eta edertzen zuen mundu bat.
Bikoteak beste disko bat osatu du, aurrekoa entzun ondoren, gehiago nahi genuenontzat opari: Hau. Espero zitekeen bezala, disko dotorea da honako Hau, aurrekoaren ezaugarri behinenak gordetzeaz gain, areagotu, zorroztu egin dituena. Ura patrikan haren soiltasun sofistikatua baztertu gabe ere, estutu ederra eman diote, konposizioari nahiz instrumentazioari ere dagokionez. Konposizioetan, arriskatu eta libreago aritu direlakoan nago, Amutxatxa edo Gizon bat izeneko kantuetan, esaterako, agerian uzten dutenez. Tresnak, aldiz, lehendabiziko disko hartan baino ugariagoak dira, eta geruza gehiago ematen diete kantuei, beraz.
Pop musikaren topikoak dioenez, zailena da talde batentzat bere bigarren diskoa, batez ere lehendabizikoa arrakastatsua izan bada, Ura patrikan izan zen bezala (arrakasta kritikoaz ari naiz, noski). Neighborrekoak lasai egon daitezke, ordea, disko zoragarria baita Hau. Bejondeiela.
Xabier Montoia
Agian hauek ere gustatuko zaizkizu ...
-
Hau
Neighbor
2016ko IrailaCD
10 € -
Ura patrikan
Maite Larburu
2013ko UrriaCD
10 €