h3o (Idigoras, Oleaga, Izarra)
Jazz garaikidearen eta abangoardiako musikaren esparruetan zehar askatasunez igarotzen diren ibilbide luzeko hiru musikariren batasuna dugu h3o.
Alde batetik, Sorkunde Idigoras pianojolearen kezka artistikoa. Alberto Lizarralderekin Jazzle sortu eta zuzendu zuen, Euskal Herriko lehen eskola jazz eta musika garaikidean. Biok antolatu zuten Plaza izeneko festibal ezaguna, baita Zirrara zigilua sortu ere, musika editatzeko. Arte proiektuetan burutu dituen sorlan eta lankidetza desberdinez gain, Sorkunde Idigorasek irakaskuntzan dihardu Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian.
Bestetik, Hasier Oleaga bateriajoleak hainbat estilo erabili ditu jazz eszenaren erreferente bihurtu arte, instrumentista zein sortzaile gisa. Mugalariak taldearen ohiko partaide eta hainbat lan diskografikoren egile, Oleagak Ruper Ordorika, Iñaki Salvador edo Mikel Andueza bezalako artistekin kolaboratu du, besteak beste.
Azkenik, Julen Izarra saxofoijolea euskal jazzik gaurkotuenaren derrigorreko beste erreferente bat dugu. Trizak taldeko kidea da eta ohiko laguna Organik's, RS Faktor, Travellin Brothers bezalako artistekin.
h3o Freddy Pelaezek grabatu eta nahastu zuen 2019ko azaroan bere Pottoko Studioan, Beasainen. Ekoitzi, Alberto Lizarraldek. Lan honek jazzaren etiketaz haraindiko esperimentazioa proposatzen du hasieratik, ezustekoa etengabe erakutsiz, edozein arau hautsiz, eta beharrezkoa izan ezkero egitura harmonikoekin jolastuz eta arauetatik abiatuz berriro apurtzeko.
Sorkunde Idigorasek sinatzen ditu "SAD Circus" eta “S3...y 4”, eta hauxe da paradoxa: sumatuko ez genukeenaren bila, hiru musikarien arteko harremanak sorkuntza pertsonala bermatzen du hizkera amankomun bat daukatela oinarri.
Hasier Oleagak "Cronopio busca esperanza" sinatu du, Julio Cortázar idazle argentinarrari egindako omenaldi txiki bat. Oleagak argi eta garbi erakusten du lan honen espiritua, konbentzionalismoetatik edo behin eta berriz erabilitako egituretatik beti urrun.
Ildo beretik, Julen Izarrak “Rollins” lanean Sonny Rollinsen sormenari egindako omenaldiaz gain "Labirintoa" proposatzen digu.
"Ezin saihestu eta larri"n, Oleagak idatzia, Izarraren saxoak gidatzen du sarrera Idigoras daukala pianoan, eremu ezezagunetara eramateko abia gaitezen.
Zirkulu perfektua ixteko Sorkunde Idigorasek sinatutako hiru konposizio dasta genitzake. "Laket", Gonzalo Tejada kontrabaxuaren lehen diskoa (“Zirrara”, Jazzle) erreferentziatzat duen "Ziklo 1", eta “Telmo y yo” piezaren magia surrealistaz amaitzeko.
h3o erakargarria da guztiz: musikariek bikain egiten dute lana, nork bere autoretza erakusten du abestietan eta abestien txoko bakoitzean entzulea ezustekoz asetzeko lain ageri zaigu magia.
h3o unean uneko hizkeran mintzatzen da. Unea orain, unea arrotz, jazz abangoardista eta garaikidea, beharbada. Baina lan hau, egia esan, hiru musikariok iragankor, bakan, ezikasiaren eta batez ere errepikaezinaren edertasunera iristeko duten betiereko sortu-premiak ekarritako emaitza ausarta da.
Agian hauek ere gustatuko zaizkizu ...
-
Cantus Caterva II
Hasier Oleaga
2014ko EkainaCD
10 € -
Cantus Caterva
Hasier Oleaga
2012ko UztailaCD
10 €