Hemen zaude: Hasiera Denda Gorri isila Iruzkina

Iruzkina

Gorri isila lana hemengo eta oraingo sorkuntzaren alde egiteko prest aurkezten den ERREBAL euskal jazz zigiluaren lehen emaitza da. Hurrengo erreferentzia batzuk diseinatzeko prozesuan daude dagoeneko, batzuk ekoizpen prozesu aski aurreratuan gainera. Katalogo sortu berri honi ahots album honek egiten dio sarrera. Jazz euskaraz.

Scatik gabe, onomatopeiarik gabe. Hitzaren eta musika bihurturiko aditzaren indarrarekin “baizik ez”. Oinarri poetiko handiko lana da, eta dagokion melodia aplikatzen zaio kontakizun bakoitzean iradokitzen den giro emozionalari egokitzeko; eskuarki interpreteak berak idatziak dira kontakizunak. Egile hau barne unibertso aberatsaren jabe da, eta lan honetan goxotasun, sentiberatasun eta samurtasun handia erakusten ditu.

Asmatzeko gaitasun handiak kutsatu egiten ditu eguneroko kontuen –benetan garrantzitsuak direnak- aurreko maitasun sentsazioak, eta, jasanak jasan, galdutako denbora galduta edo “Bioleten negua” bluesak pizten duen argi errukior horrek leundutako zimurrak zimur, kutsatu egiten du mundu hobe bat lortzeko itxaropena.

Hiru eta bost lagunez osatutako taldeetan, ENSEMBLEak biltzen dituen tonalitateak aurkezten ditu Mirenek. Piano jole Joseba Loinazekin eta kontrabaxu jole Jean Paul Gillesekin batera, Iparragirrek eta Atxagak utzitako pieza bi hartu eta egiten ditu bere, eta estetika harmoniatsu batez txertatzen ditu estetika orokorrean. Edio Pessiren gitarrek lagunduta, Fernando Pessoak “Infado” obran maisuki adierazitako irudimen lisboarrari ematen zaio, bikain asmatzen du lotura lusitaniarrarekin.

Gainontzeko kontakizunetan Salvador-Tejada-Celada hirukoteak laguntzen dio ageriko konplizitate batez protagonistari bere egoera ezberdinetan. Biziki sustatzen du “Gure panpoxa” gaian erakusten den alaitasuna, edo behatz puntetan ibiltzen da “Apatx” erritmoaren arabera loak hartzen duen haur txikia ez esnatzeko.

Azkeneko konposizioan, “Sur les cimes” izeneko lan instrumentalean, Jean Louis Hargousek ageriko izaera inprobisatzailearen izpiritua erakusten du. Ezin epilogo hobea enpresa sendo honen oinarri nagusia osatzen duenarentzat.

**Pablo Zuñiga**