Hemen zaude: Hasiera Denda Galerak

Galerak

2019ko Maiatza
CD/DVD
15

Maiatzean 12 urte beteko dira Oihana Alkorta (Orio, 1977-Getaria, 2007) auto istripu batean hil zenetik. Nerabezarotik artearekiko kezka erakutsi zuen Alkortak, eta bereziki musikaren eta poesiaren arloetara bideratu zuen sormena. Benito Lertxundiren Hitaz oroit eta Auhen sinfonikoa diskoetan entzun daiteke haren ahotsa, eta bere kantu bat 2004. urtean Orio eta Zarautzen egindako Kilometroak-en aldeko disko kolektiboan jasota dago.

Disko hunkigarri honen abiapuntua, Alkortak berak zendu baino bi urte lehenago Alex Tellori emandako poema batean dago. Olerkia ematearekin batera proposamen bat egin zion Alkortak bere lagunari: poemari segida ematea, idatzi berriak sortuz. Horixe egin zuen Tellok hurrengo urteetan, eta 2015ean erabaki zuen testu haiek musikatzea. Horretarako, etorkizun handiko bi pianista gazterengana jo zuen, Ignacio Arakistain eta Lucia Arzallusengana, eta hauek langintza berriari ekin zioten: Telloren hitzekin abestiak sortzeari. Ondoren, kantuak grabatzeko musikari eta abeslari ugari gonbidatu zituzten, horietako batzuk oso ezagunak eta bestetzuk ez hainbeste, baina denak lagunak. Batzuek abestu egin dute diskoan —Su Ta Gar taldeko Aitor Gorosabel, Labrit Zabala, Jon Gurrutxaga edota Xabi San Sebastian, kasu— eta beste batzuek kantu propioak sortu dituzte proiekturako —Couple, Bihozkada eta Natali taldeak—. Azkenik, Xabier Sagasta marrazkilaria bi urtez lanean aritu da diskoa eta DVDa biltzen dituen diseinu zoragarria osatzeko. Ekimen xume gisa hasi zena, maila eta ekarpen handiko kultur egitasmo zabal bilakatu da.

Entzun: Entzuten ez banauzu (Paula Brotons & Xabi San Sebastián)