Hemen zaude: Hasiera Denda Galdemoduen Trilogia

Galdemoduen Trilogia

2017ko Urria
CD
10

Hirugarren lan honetan, nolabait hastapenetara itzuli da Mugaldekoak. Alde batetik, jatorrizko hirukote formatua berreskuratu du —Begiak lekuko-n Mattin Sorzabalbere baxu jolea batu zen taldera—, baina inoiz baino laguntza handiagoa izan du grabazio estudioan. Oinarri erritmikoa osatzeko Xavi Perez ‘Bull’ baxu jolea (Inadaptats taldeko kidea) eta Ander Barrenetxea bateria jolea (Morau eta Agotak, Juan Mari Beltran) izan ditu lagun, eta hainbat kolaboratzailek kolorea eman diete abestiei: Morau, Petti eta Idoia Gillenea ahotsetan aritu dira, Kotte Berrueta akordeoiarekin, Begoña Rudi pianoan...


Doinu gehienak berriz, Raul Garcia multiinstrumentistak eta Beñardo Goietxe abeslari bikainak sortu dituzte, eta sustraidun musikaren inbentario moduko bat osatu dutela esan liteke, taldearen hastapenetatik Mugaldekoekin erabat identifikagarria den folk-rock ildoari (Bizitzeko inbentarioa, Etsaia) beste hainbat giro gehitu baitizkiote. Bertan aurkitu daitezke Tom Waitsen giro uherrak (Hurrup!), Pascal Comeladeren jostailuzko bihurrikeriak (Nire balentriak ez bezala), folk ingelesa (Bi kopa), rockabilly peto-petoa (Onddo bila), tex mex baladak (Orabideko errekako balada), Mississippiko bluesa (Emazteki langilea) edota mugaldeko atmosferadun spoken word-a (Astro-H).

Gai eta estilo aniztasun horrekin batera, nabarmena da konposizioak borobilagoak direla eta taldeak arreta eta zaintza berezia jarri duela moldaketetan. Horrek guztiak egiten du Galdemoduen trilogia izatea Mugaldekoen orain arteko lanik sendoena.

 


Artista bereko diskoak


Agian hauek ere gustatuko zaizkizu ...