Hemen zaude: Hasiera Denda Folketik Jazzera

Folketik Jazzera

2020ko Abendua
CD
10

Euskal kantugintzako hainbat klasiko (kantu tradizionaletatik Mikel Laboa edo Oskorriren doinu hilezkorretara) jazz giroetara moldatzen ditu Haizea Martiartu, Markinako saxo jotzaile gazteak, bere estreinako disko honetan. Besterik gabe? Bai eta ez, egia esan. Alde batetik hori baita diskoaren funtsa, garbi eta xinple, eta aurriritziek bitxikeria efimero bat baino ez dela pentsa erazi dezakete. Baina ez, emaitza ez da nolanahikoa, ezta gutxiago ere. Abesti horiek entzun, arnastu eta azaleko poro guztietatik xurgatu eta barneratu dituen artista baten espresio guztiz pertsonala da, ordea. Era horretan bakarrik hausnartu bait daiteke disko honen fluidotasun harrigarri eta bai, baita bitxia ere. Gaitasun handieneko musikariek soilik iradokitzen duten erraztasun engainagarri horretaz, Haizearen saxoak doinuen goxotasun etxetiarra marrazten du airean lehen une batetan. Gutxien espero dugunean berriz, mila kolore ezberdinetan deskonposatzen du edertasun txundigarriko tapiz batetan. Abiapuntua guztiz ahaztuta, eremu oso urrun batetan sentitzen garen unean, bueltan da berriz hain ezagun zitzaigun doinu hura. Baina agian ez, ez da gauza bera, ezin berriz era berdinean entzun. Behingoz, ilargiaren ezkutuko aldea ikusteko gai izango bagina bezala, ustez ezagunak genituen doinuak berriak, arrotzak eta inoiz baino aberatsagoak iruditzen zaizkigu orain. Haizearen magiari esker.

Azti hau nor den galdetzen badiozu zure buruari, esan, Haizea Martiartu Bilbon jaio zela 1991an eta Markina-Xemeineko soinu bandarekin hasi zela musika munduan, herri festa eta ekitaldi publikoak girotuz. Hantxe garatu zuen betirako doinu eta dantza herrikoiekiko grina eta maitasuna.  Eta ez bertakoak soilik, baita pixkanaka, bere jakin nahi asegabeak bultzatuta eta musikaren aztarna eta loturak gure muga sozial eta politikoak guztiz gainditzen dituztela sumatuz, ozeanoz beste aldeko New Orleans edo Chicagoko jazzekoak ere. Bartzelonako ESMUC eskolara jo zuen orduan jazzeko saxo karrera burutzea eta bide batez bere ikuspegi anitz hura guztiz sendotzera "Ezusteko pozgarria hartu nuen karrera bukatutakoan. Orduntxe konturatu bait nintzen nire konposizioek zortzikoen kutsua zutela, euskal erritmoena, alegia. Markinako bandan interpretatzen nituen nire lurraldeko doinu eta pieza haiena, hain zuzen ere. Nahiz eta  teorian, eta harmoniari buruz ikasitakoa aplikatuz, jazza konposatzen ari nintzela suposatu. Horrela sortu zen nire haurtzaroa alaitu zuten musika horien omenaldia".

Bide horren adierazle garbi, Folketik Jazz Ensemblera”  izenburua eman dio Haizeak bere omenaldi disko zoragarri honi. “Aldapeko” edo “Agate Deuna” bezalako kantu klasiko eta sinbolikoak bere konposizioekin nahastuz beste 9 musikari gazteen laguntza izan du Haizeak bilduma dotore hau atondu ahal izateko: Lucia Fumero (pianoa) Sergio del Campo (zeharkako flauta eta piktoloa), Joan Mar Sauque (tronpeta), Julio Marin (klarinete sopranoa eta klarinete baxua), Jofre Alemany (saxo tenorra), Eneko Urrestarazu (tronboia), Carla Gonzalez (kontrabaxua), Pol Ribó (bateria).

Abangoardia, tradizioa, herrikoia, unibertsala, jazz kosmiko edo zortziko xumea… ahaztu ditzagun etiketak. Haizea Martiarturen magia, hitz batetan.



Agian hauek ere gustatuko zaizkizu ...