Iruzkina
Barren barrenetik, bihotzez eta zentzunez
Mikel Urdangarinen hirugarren lanak Espilue du izenburu. Ahots sakon eta borobildua duen kantautore zornotzarrak espektatiba guztiak bete ditu. Bere kantatzeko moduak bertsolaritzan jarduna dela gogorarazten badigu ere, bertsolerroak bide bazterrean utzi eta kantak konposatu eta abestera egin duen jausiak kantautore izena irabazia duela erakusten digu. Ukitu estilistiko kontenporaneoak, folk anglo-zeltak, country amerikarraren usaina, harizko instrumentuek ematen dioten klasikotasuna, akordeoiaren oihartzuna edo rock inguruko baladek egiten dute lan borobil Espilue.
Azkenengo denboraldian zuzenekoetan erakutsitako profesionaltasuna aurki daiteke estudioan landutako disko honetan. Hamalau kantu dakarzkigu Mikel Urdangarinek: gehienak, goitik behera berak konposatuak; gainontzekoek, Unai Iturriaga, Igor Elortza, **Iñaki Aurrekoetxea eta Gerardo Markuleta lagunek idatzitako testoak dituzte. "Zatozte" eta "Lau koplatxo" Edinburgoko estudio batean grabatu ziren Jonathan Bews biolinistaren Cantrip* taldearekin batera. Musikari honek Badira hiru aste* CD-an ere parte hartu zuen eta oraingoan ere pisu nabarmena du. Misteriotsua da erritmo dylainianoekin osotua dagoen "Zatozte" kanta, Minessotakoak inspirazioa bilatzen zuen folk anglo-zelta konponketak indartzera datorrena. Gaia ere iluna da, izan ere, kantautoreak beti idatzi izan du mozkorren, galtzaile buru-argien, eta maitasun minen inguruan. Oroitzapen eta ahazturan oinarritutako "Lau koplatxo" kanta ere herrialde haretan grabatua izan da, non gaita eskoziarrak akabera aldera biolina eta akordeoiaren soinua menperatzen dituen. Mikel Urdangarin ez da erritmo zeltetan isladatu den lehenengo artista euskalduna baina bai mundu horrekin lotura berezia lortu duena. "Non geratzen den denbora" singelean biolina gitarra eta cello konponketak oso ttukunak dira. Cat Stevens eta Demis Roussos kantari grekoak gogorarazten dizkigu Urdangarinek praktikatzen dituen oihartzun folk eta balada popiak.
Espilue Aitor Rubio eta Mikel Urdangarin beraren gitarren, Angel Lopezen perkusioaren eta Txubioren kontrabaxuaren gainean egin da. Hala ere, izan den gonbidatu andanak kantuak aberasten ditu. "Hau ez da amodiozko kanta"-n, esaterako, Jon Bewsen biolinak printzipioen deklarazioa izan daitekeen kantuko barrenera sartzen gaitu Aitor Garciak jotako gitarra flamenkoaz amaitzeko. Kirmen Uribek idatzitako "Urrun izanik"-ek bolero bat behar luke izan, baina duen melodia hotzak bestelakorik pentsarazten digu. "Goizetik" kantu countryaren aurretik bilutsik eta leun dago "hutsik daude kaleak". Gitarra soinuak eta akordeoiak rock balada zantzua ematen diote "esku leunak" abestiari. "Baneki"-n, ordea, argiak zalantza guztiak gainditu nahi ditu. "Zenbat" kantuko muga-haizeek Josu Zabalaren akordeoi diatonikoa dute eta beste hainbat ezustekoren artean zuzenean grabatutako kanta bat ere badago: "Ez eidazu eskatu" non diskoko partaide guztiek hartzen duten parte hirugarren lan hau borobilduz. Gaztea izan arren, Euskal Herriko kantautore garrantzitsuenen artean kokatua dagoen musikari heldua dugu Mikel Urdangarin. Barren barrenetik kantatua eta razionalitatez grabatua dagoen lana: Espilue.
Pedro Elías Igartua