Don Inorrez
Taldeak geldialdi bat egin zuen 2008an, Leidor Sessions zuzeneko diskoa prestatzeko. Hamar urtean izandako bilakaera itzela harrotasunez erakusteko aitzakia izan zen, baina baliteke inork pentsatzea taldeari sormena agortzen ari zitzaiola… Oker handia. Ez da urtebete pasa Leidor Sessions plazaratu zutenetik eta Don Inorrez heldu zaigu, Bide Ertzeanek une gozoan jarraitzen duela baieztatzen duen diskoa.
SINGLE 1: Zurekin dantzatu nahi nuke
Ez da aldaketa handirik dakarren diskoa, aurrekoak ere ez ziren. Taldeak beti nahiago izan du bilakaera eta aurrerapausoak detaileetan erakustea, batez ere Fran Iturbe (gitarrak) eta Joserra Senperena (teklatuak, akordeoia) taldekide finko bihurtu zirenetik. Ondoren, denboraren perspektibarekin, ohartzen da entzulea taldearen hazkundeaz. Eta Don Inorrez ez da salbuespena. Bide Ertzeanen musikaren ezaugarri nagusiak gordetzen ditu: kantuen egituren soiltasuna, moldaketa dotorez janzteko kezka, melodiaren garrantzia hitzak zaintzeko ardura (Jose Luis Otamendi, Mikel Ibarguren eta Juanra Madariagaren olerkiak musikatu dituzte oraingoan, baina kantu gehienen hitzak Imanol Ubeda abeslari eta gitarristak sortu ditu)…
Eta hala ere, Bide Ertzeanen beste diskoen aldean ezberdina dirudi Don Inorrez-ek, beharbada inoiz baino gehiago kantu bakoitzari izaera propioa ematen asmatu dutelako. Errepikapenean erori gabe, instrumentazioa, giroak, estiloa aldatu egiten dira kantu batetik bestera: The Jayhawksen eskolako country-pop dotorea (Don Inorrez), blues gitarra baten eta hammond organoaren gainean eraikitako soul baladak (Ez nau inork espero), folk kutsuko pieza biluziak (Zatoz zoragarria, Zure ausentzia), vals-ak (Bost egun eman), pop kantu zuzenak (Zurekin dantzatu nahi nuke), Bide Ertzeanek hain ondo egiten dituen tenpo ertaineko kantuak (Hondartzan)… Soinu akustikoa gailentzen zaio elektrikoari eta nabarmentzekoa da Joserra Senperenaren ardurapean hari moldaketetan egindako lana, bereziki Lizarbakar edota Ez nau inork espero bikainetan.
Neguko disko batekin itzuli da Bide Ertzean, negukoa baina ez hotza, bihotz bakarti, ausentzia eta igande arratsaldeei buruzko kantuez osatua.
Ez dut zalantzarik egiten, Bide Ertzeanen diskoetatik hiru aukeratu beharko banitu, Don Inorrez izango litzateke horietako bat.
Jon Eskisabel
Artista bereko diskoak
-
Zutaz kantatzeko
2016ko Azaroadisko-liburua
20 € -
77
2013ko IrailaCD
10 € -
Leidor sessions
2009ko IrailaCD/DVD
15 € -
Non dira
2006ko UrriaCD
10 € -
Esan Bare
2004ko UrriaCD
10 € -
Maite out
2002ko UztailaCD
10 € -
Zure minari
2001ko UrtarrilaCD
10 € -
Grisa
2000ko IrailaCD
10 €