Doin´ the Farmer thing
Lan honetan, besteak beste, Bill Jennings jazz moldeko gitarra jotzaile bikainaren "Big Boy" klasikoa eskaintzen zaigu bikain moldatuta; Diego Hervalejo protagonista bihurtzen da bere hammond organoarekin Kirk Fletcherren "Blues for Bobo" gaia inprobisazio-ariketa harrigarri baten arabera interpretatzeko. Eta segida du Booker T & the Mg´s taldearen "Green Onion" gai ezin ezagunagoarekin eta "High Heel Sneakers" blues klasikoaren moldaketarekin, kasu honetan New Orleanseko estilo peto-petoko metalen sekzioak eta Josemi Casanovak (ahotsa eta tronboia) lagundurik. Berriz ere Booker T taldearen sen egokitua hautematen da "Hip hug her" gaian, eta jarraian Anson Funderburgh birmoldatua sumatzen da "Menstreak" izenburukoan, jazzak eta funkak hartzen baitiote gaina Texasko gitarra jotzailearen espirituari. Shuffle garbi-garbia da "Phone diving", Guillermo Garralagak idatzia da eta Jamie Rickettsek abestua, eta Diego Hervalejok ondutako "Pink gong blues" rumba-bluesarekin batean, makurgunea marrazten dute disko honetan, taldearen interpretatzeko gaitasuna ez ezik musika egiteko eta musika konposatzeko trebetasuna ere geratzen baita agerian. Fabulous Thunderbirds taldearen "Wait on time" gaiak ematen dio amaiera lan honi, Josemi Casanovaren ahotsa eta Texasko gai zahar horren mesedetan taldeak egiten duen ekarpen cool-ena nabarmentzen direlarik.