Zea Maysen «Harrobian» diskoa kalean da
Kirmen Uriberen ukitua daraman istorioa kontatzen du lan honetan
«Harrobian» du izenburu Zea Mays talde bizkaitarraren azken diskoak. Gaztelupeko Hotsak zigiluak kaleratu du eta zazpi abesti biltzen ditu. Kantuek lotura dute euren artean eta istorio bat kontatzen dute, «izaki baten bizitza, sortzen denetik hiltzen den arte».
GARA
BILBO
Asier Basabe, Ruben Gonzalez, Iñaki Imaz eta Aiora Renteriak Zea Maysen hirugarren diskoa aurkeztu zuten atzo Bilbon. Aiora Renteria abeslariak azaldu zuenez, abesti berriak egiten hasita zeudela, euren artean lotura zutela konturatu ziren. «Tipo baten bizitza kontatzen da, jaiotzen denetik hiltzen den arte. Hasieran izaki bat da eta gizaki bilakatzean traumatu egiten da», azaldu zuen Renteriak. Abestiak elkarren independenteak dira, banan-banan jota ere badutelako zentzua, baina «kantu denek jarraian istorio bat kontatzen dute».
«Bermeoko jaietan harrobi batean amaitu genuen eta leku hark zirrara handia eragin zigun: leku zabala, harriz betea, primitiboa. Eta ordurako pentsatuta genuen istorio hura harrobiarekin lotu genu-en», jarraitu zuen abeslariak. Harrobi batean jotzea zer zen sentitu nahi zuten taldekoek eta horregatik Ereñoko harrobira abiatu ziren. «Grabatzen flipatu egin genuen», aitortu zuen Renteriak.
«Gizartean giro arraroa sumatzen da eta diskoan hori islatu nahi izan dugu», azaldu zuen. Abestien bitartez kontatu nahi zuten istorioari ipuin itxura emateko Kirmen Uriberengana jo zuten eta honek ukitu literarioa eman dio.
Bideoklip pista bat ere aurki daiteke Zea Maysen azken lan honetan. Bideoklip horretan, Bilboko irudiak, taldearen kontzertuen irudiak, harrobian jotzen ari zirela hartuak eta gizon baten irudi animatua ikus daitezke.
Taldea berehala hasiko da ''Harrobian'' diskoa zuzenean aurkezten. Azaroaren 30ean Pasaian joko dute, abenduaren 13an Gasteizko gaztetxean izango dira, eta abenduaren 26an, Split 77 taldearekin batera, Bilboko Kafe Antzokian emango dute kontzertua.