You are here: Home Artists Xabier Montoia Newspaper Library Ematen duena baino gehiago Xabier Montoia soil eta landuena harilkatu da «Gorraizea» diskoan

Xabier Montoia soil eta landuena harilkatu da «Gorraizea» diskoan

Orain sei urte «Montoiaren mundu miresgarria» diskoarekin irekitako bideari lotuta dator «Gorraizea» (Gaztelupeko Hotsak). Orduan Ibon Rodriguez eta txeloa bidelagun zituela sartu zen proposamen akustiko eta soilagoen bidezidorrean; disko berrirako, berriz, hari-laukotea izan du lagun. Musika-lengoaia berrian sakonduta datorren proposamena da.


Iturria: Gara
Eguna: 2017/11/15

Amalur Artola

Rocka, soula, elektronika... bere izaera eta munduaren ikuskera propioari eutsita, generoz genero eraldatu eta erronka berrien miran dabilen musikaria da Xabier Montoia. Kantu bakoitzari bere zigilua eransten dakiena. Eta hala gertatzen da “Gorraizea” diskoan ere, bakarkako ibilbideko seigarrena.

Orain sei urte “Montoiaren mundu miresgarria”-n hartutako bideari lotuta dator lan berria. Orduko hartan Ibon Rodriguezekin eraikitako harreman estu eta ideia trukeen ondotik lehen aldiz txeloaz jantzi zituen abestiak Montoiak. “Gorraizea”-n, bide berean beste urrats bat emanda hari-laukoteaz eta pianoaz ondu ditu kantuak.

Hala, itxuraz soila, garbia den diskoa osatu du, arimaduna, eta, atzo Donostian egin zuen aurkezpenean ziurtatu zuenez, su eztitan ondua: «Egia da sinpletasuna baduela, baina atzean sekulako lana dago. Eta ez nirea. Ibon Rodriguez eta Itziar Lertxundirena. Beraiekin zor handia dut», agertu zuen esker onez. Rodriguez pianoan, gitarretan, ahotsetan eta konponketetan aritu da. Lertxundi, aldiz, txeloan eta ahotsetan. Eta diskoaren grabazioan –Fredi Pelaezek grabatu eta nahastu du Beasaingo Pottoko estudioetan– parte hartu dute ere Monika Peinok biola-jotzaileak eta Leire Pikabea eta Xabier Zeberiok, biolinetan.

«Kantuak nahiko soilak eta biluziak dira, baina atzean dauden konponketak ez dira sinpleak, ematen duena baino gehiago dago», ziurtatu zuen Montoiak. Musika arloan egiten duen lana deskribatzea kosta egiten zaiola onartu zuen gasteiztarrak, literatura hitzetan jartzea errazagoa suertatzen zaiola, baina ahalegina eginda kantuetara «nire betiko obsesio batzuk, baita berriagoak ere» eraman dituela esan zuen: denboraren joana, oroimena, maitasuna, adiskidetasuna... eta kantu bat eskaini dio Estatu frantsesean preso dagoen lagunari: «Mikeli. Bera Reau izeneko kartzela batean dago eta ez dut sekula halako abestirik egin. Unea iritsi da».

Egindako hautu musikalaren gainean, zehaztu zuen bere musika ibilbidea rock musikari lotuta joan dela eta aldatzeko beharra sentitzen zuela: «Beti ibili izan naiz baxua-gitarra-bateria formatu estandar horretan. Aurreko diskoan horretatik urrundu nintzen itotzen ari nintzelako, arnasa hartzeko beharra sumatzen nuelako. Horrela iritsi naiz hona». Eta zehaztu zuen aurreko diskoan txeloari presentzia handiagoa ematea erabaki zuen unetik zuela gogoa hari-instrumentuekin jolasteko: «Hitz egina nuen hori, hurrengoan zabalduko genuela hari- instrumentuen presentzia. Hasiera batean orkestra bat nuen buruan, baina hori oso zaila da eta laukote honetan geratu zen kontua». Orduan, orain sei urte, konposatuak dira “Gorraizea” osatzen duten hamar abestiak baina, zailtasunak direla medio, aurtengo udaraino luzatu da proiektua: «Erraza dirudiena konplikatu egiten da batzuetan... Geroztik ez dut kanta bakar bat idatzi. Hauek burutik kendu arte ezin dut», esan zuen.

Gutxiago gehiago da

Diskoaren gainean, Gaztelupeko Hotsak-eko Joxe Felix Azkaratek nabarmendu zuen entzuleak Montoia biluziena edukiko duela aurrez aurre: «Biluzi egin da. Baina biluztasun horretara iristeko aurretik ondo jantzita eduki behar dira arropak. Montoiak badaki zer nahi duen eta zer ez, bere disko guztietan ikusi da hori eta orain sinpletasun batera iritsi da».

«Gutxiago gehiago izaten da eta hori izan da nire helburua disko honetan», zehaztu zuen Montoiak, eta kantuak konposatzeko lehendabizi musika eta gero hitzak joan direla zehaztu zuen: «Musikak jartzen ditu mugak, neurriak. Eta isiluneak ere inportanteak dira disko honetan. Poesian bezala, esaten ez dena ere badelako inportantea».

 

Zuzeneko kontzertuen inkognita ez zuen sobera argitu: «Nahi nuke, baina ez berehala. Agian, udaberri aldera. Buruan badut nahi nukeen formatuaren gaineko ideia bat, baina gauza bat da nik nahi dudana eta bestea, izan daitekeena. Eta normalean ez datoz bat».