Guk gozatzen dugu, eta jendeak gozatzea da gure helburua
Euskal Herrian sortutako rhythm & blues talde ezagunenetakoa da The Allnighters. Urteetako etenaren ondoren, Gasteizkoek iaz kaleratu zuten 'Everything is Changing' disko berria.
Iturria: | Berria |
Eguna: | 2017/07/13 |
Iñaki Garcia Uriarte 'Igu'. The Allnighters taldeko abeslaria
Urte luzez, rhythm & bluesak ez zuen
predikamentu handirik izan euskal musikarien artean, eta bestelako joera
eta estiloak modan zirenean, gutxi ziren AEBetako musika beltz
klasikoari begiratzen ziotenak. Salbuespenak baziren ordea, The
Allnighters Gasteizko taldea kasu. 1988. eta 1998. urteen artean aritu
zen, eta hainbat disko anglofilo kaleratzeaz gain, oholtza partekatu
zuen, besteak beste, Ian Dury, The Blues Brothers eta Wilko Johnsonekin.
Hamabost urteko etenaren ondoren, 2013an oholtza gainera itzuli ziren,
eta iaz, Everything is Changing diskoak (Gaztelupeko Hotsak)
itzuleraren indarra berretsi zuen. Azkeneko hilabeteak geldi egin
dituzte, nahita ez bada ere. Zigor Akixo bateria jotzailea auto batek
harrapatu zuen urte hasieran eta tibia eta peronea hautsi. Orain,
berriz, bueltan dira Iñigo Ortiz de Zarate (gitarra eta organoa),
Ernesto Garcia Uriarte (gitarra), Roberto Diez (baxua), Iñaki Garcia
Uriarte Igu (ahotsa eta aho soinua) eta Akixo bera. Lehen hitzordua
bihar izango dute, Bergaran (Gipuzkoa), Berumuga zikloaren barruan
(22:00).
Zerk eraman zintuen hamabost urteko etenari amaiera eman eta zuzenean berriro aritzera?
1998an
utzi genuen, baina gutako bakoitza beste proiektu batzuetan ere aritu
da urte horietan guztietan. Garai horretan, hainbat proposamen izan
genituen itzultzeko, baina arrazoi ezberdinak zirela medio, ez ginen
animatzen. Azken batean, familia arrazoiak, lan arlokoak izaten dira...
Baina 2012an proposamen interesgarri pare bat izan genuen; bat,
Donostiako Mojo Workin jaialdiarena, eta, ematen duenez, ahoz ahokoak
lan egin, eta jende gehiago hasi zitzaigun deitzen. Asmoa bizpahiru
kontzertu ematea zen, baina, konturatzerako, 10-15 genituen eginda. Eta
gustura, gainera, zeren eta publiko berria ere gerturatzen zela ikusi
genuen... ez zela kontu nostalgiko huts bat...
Eta bizpahiru kontzertutarako proiektua zenak lau urte daramatza dagoeneko...
Bai,
ikusi genuen aurrera egin genezakeela, eta hasi ginen kantu berriak
egiten. Asmoa ez zelako atzera begira egotea, baizik eta gaur egun
esateko duguna esatea.
Taldea deseginda egon den hamabost urte
horietan asko aldatu da musika mundua; dela joera musikalak, dela
industriaren egoera bera ere. Hala ere, zuek The Allnightersen
espirituari eusten diozue oraindik. Eta horren oinarrian beti dago
musika beltza.
R&B-aren inguruan mugitu gara beti. Batzuetan, 1950eko R&B vintage-ra
jotzen dugu, besteetan soulera... Horren inguruan mugitzen gara, itxi
gabe, baina eskua gehiegi ireki gabe! Gure proposamena ez da oso
modernoa! Soinu klasikoa gustatzen zaigu.
Mainstream-aren
barruan ere musika beltzaren arrastoak orain dela hogei urte baino
nabarmenagoak dira. Eta ez dira gutxi oihartzuna lortu duten R&B
artistak ere. The Allnightersentzat garai hobea da hau 1990eko
hamarkadakoa baino?
Garai onek alde onak eta txarrak dituzte.
Garbi dago jendeak musika kultura sendoagoa duela , eta askoz irekiagoa
dela gauza ezberdinak entzuteko. Lehen, heavyari heavya gustatzen
zitzaion; rockerra rockerra zen, eta technoa entzuten zuenak technoa
entzuten zuen. Hori aldatu da, eta jende gehiagorengana iristen gara.
Gainera, lehen baino askoz jaialdi gehiago daude gu bezalako
taldeentzat. Lehen txakur berdeak ginen...
Alde txarrak aipatu dituzu...
Ez
publikoarentzat, jakina; baina, guretzat, txarra da konpetentzia
handia izatea. Lehen baino askoz blues eta soul talde gehiago dago, eta,
jakina, horrek eragiten du. Lehen, R&B talde bat nahi zuenak ez
zuen aukera asko! Orain gogorragoa dago. Baina, tira! Musika beltza
lehen baino indartsuago dagoen seinale.
Kalitatez ere sendo dago musika beltza?
Kalitate
handia dago, baina egia da nortasun txikiagoko taldeak ere badirela.
Lehen, agian, taldeak ez ziren hain onak jotzen, eta orain, berriz,
badira oso soinu antzekoa duten taldeak. Nortasun pixka bat falta da...
Everything is Changing
da zuen azken diskoa. R&B dago lanaren oinarrian, baina badira soul
baladak, country ukituak... lan askotarikoa egin nahi zenuten?
Talde
askok soinu kanoniko bat izaten dute, hasi eta bukaerara arte. Baina
guk musika asko entzun dugu gure bizitzan, eta musika kulturari
dagokionez, behintzat, edozeinekin borrokatu gaitezke, irabaziko dugu
eta! [barrez]. Musikaren fanatikoak gara, 30 urte daramatzagu binilo
bilduma osatzen, eta asko dakigu. Eta jotzeko orduan hori igartzen da.
Ateratzen zaizkigu 1950eko country-blues piezak, beste batzuk
azidoagoak, fuzz eta wah wah handiarekin, baita soul
balada klasikoak ere... Ez gara ezeren bila joaten, baina hala ateratzen
zaizkigu. Eta The Allnighters zer den islatzen dute.
Hitzek ez diote bizkarra ematen gaur egungo errealitateari.
Everything is Changing
kantuak azkeneko urteetan jasaten ari garen krisi iruzurraz hitz egiten
du. Garbi dago % 1az aparte, jende guztiak galdu duela erosteko
ahalmena, lehen baino gehiago lan egiten dela diru gutxiagogatik, dena
prekarizatu dela... Denak egin du okerrera. Eta ez du ematen atzera
bueltarik duenik.
Bi bertsio ere sartu dituzue. My Buddy Duddy Friends, Dr. Feelgoodek ezagutarazitakoa, eta Tell the Truth, The '5' Royalesena.
My Buddy Duddy Friends
Aaron Corthon izeneko konpositore ezezagun batena da. Charlie
Musselwhitek grabatu zuen, baina batik bat Dr. Feelgooden bertsioan
ezagutu du jendeak. Tell the Truth, berriz, jende askok grabatu
du. '5' Royalesek, Otis Reddingek, Ike & Tina Turnerrek... Baina gu
Paul Flaggek egin zuen bertsioan jarri dugu arreta. Bertsio bero bat
da, ahots urratukoa.
Zuzenean taldeko bost kideez gain, haize atala ere izango duzue, ezta?
Bai,
hala da. Posible den heinean, nahi dugu haize atalarekin jo... Gurekin
etorriko dira Ruben Salvador tronpetista eta Zigor Martinez saxofoi
jotzailea.
Eta zer espero behar du The Allnightersen kontzertu batera doanak?
Azkeneko
lanari errepasoa emango diogu, kantu zaharrak ere joko ditugu, baita
bertsio batzuk ere. Eta zer espero behar duten? Bada, ikuskizun
dantzagarri bat, R&B eta soulez gainezka. Indarra daukagu, baina
konponketei ere erreparatzen diegu. Energia da gure ezaugarrietako bat.
Hainbeste urte geldirik egon ostean, luzerako proiektua da gaur egun The Allnighters?
Guk
aurrera egiteko gogoa dugu, eta hasi gara kantu berriak sortzen. Baina
lasai ari gara, geure buruari zerbait berezia eskatzen diogulako, eta
kantu batzuk baztertu egiten ditugulako. Eta lasai joan nahi dugu. Ez
dugu presiorik, eta gure martxan goaz.
Aberastuko ez zaretenez, gozatzea behintzat.
Hori
da. Guk gozatzen dugu, eta jendeak gozatzea da gure helburua. Ikus
dezatela oholtza gainean jarrera bat dagoela. Guk eman egiten dugu, eta
hori igarri egiten du jendeak.