Lehengo moldean
'A French Session' diskoa atera du Paul San Martin piano jotzaileak. Bakarkako laugarrena du, eta bluesaren klasikoetan arakatzen du
Iturria: | Berria |
Eguna: | 2019/02/21 |
2017ko abenduko egun batean joan zen Paul San Martin piano jotzailea
(Donostia, 1979) Abdell B. Bop kontrabaxu jolearen Big Spoon estudiora,
Frantziara, kantu batzuk grabatzera. Eta iazko otsaileko beste egun
batean berriro. Hor geratu zen kontua. Ez zuen oso argi kantu horiek
argitaratuko zituen edo ez. Abdell B. Bop bera arduratu zen nahasketak
egiteaz, eta ekain aldera bidali zien materiala San Martini eta Romain
Gratalon bateria jotzaileari. «Oso esku ona dauka vintage
soinuarentzat, eta asko gustatu zitzaigun, oso-oso antzinako kutsua duen
grabazioa da». Hala, bi egun horietako lanaren emaitza da A French Session diskoa (Gaztelupeko Hotsak).
Stay Blues taldearekin hasi zen San Martin. Tracks izan zen haren bakarkako lehen diskoa, eta Paul's Moods eta Paul San Martin & Romain Gratalon
lanak etorri ziren gero. Zerikusi txikia du azken diskoak haiekin. «Hau
askoz biziagoa da. Besteak ere bluesa grabatzen den moduan daude
grabatuta, zuzenean, baina landuagoak dira». Hain azkar egitearen
arrazoia zein izan den ere kontatu du: «Agendagatik. Eskolak ematen
ditut, kontzertuak... Horrela egiten duzu edo ez duzu egiten. Azkenean,
disko oso-oso bizia geratu da, jam session bat balitz bezala».
Aurrekoekin
alderatuta, bada beste ezberdintasun esanguratsu bat ere. Ez dago
bakarrik. Abdell B. Bopen kontrabaxuaren eta Gratalonen bateriaren
laguntzaz gain, bi kolaborazio izan ditu. Alde batetik, Texasko Chris
Ruest gitarra jotzailearena. «Askotan etortzen da Europara, eta aurrez
ere harekin lan egindakoa nintzen». Eta, bestalde, Sylvain Tejerizo saxo
tenor jotzailearena. «Blues estiloak eskatzen duen estilo jakin hori
du, nik hot esaten diodana. Zigilu hori jarri dio».
Zortzi abestik osatzen dute A French Session.
Blues, boogie woogie eta New Orleans estilokoak dira —ez du sartu
konposizio propiorik—. «Beti gustatzen zait omenaldi txikiak egitea niri
gustatzen zaidan jendeari. Denetik pixka bat aukeratu dut». Diskoan
bertan ageri dira artista horietako batzuk. Hain zuzen, bereziki gustura
geratu da San Martin Cheli Lanzagortak CDarentzat egindako
diseinuarekin. «Ia binilo txiki bat da. Oso ondo harrapatzen du
musikaren kontzeptua. Hizkiak ere satinatuta bezala daude azalean,
binilo bat hartzea bezalakoa da sentsazioa».
Miren Garate
Frantziarekin duen
lotura berezia nabarmendu du piano jotzaileak. «Oso kuriosoa da, ez
baitakit frantsesez. Urte asko pasatu dira Niko Wayne musikaria ezagutu
nuenetik. Bi astean behin-edo etortzen zen jam session bat
egitera Donostiara, elkar ezagutu genuen pixkanaka, eta ni Frantziara
eramaten hasi zen. Orain ez dago jo ez dudan lekurik». Hango publikoak
«pentsamolde mitomanoagoa» duela iruditzen zaiola kontatu du. «Norbait
jotzen ikusten dutenean, asko gustatzen zaie diskoa erostea».
Azaldu
du halakoetan posible dela 50 disko saltzea ere; izaten dira, ordea,
lan bakarra saldutako egunak ere. Hala, batez ere bere buruarentzat egin
duela diskoa kontatu du. «Lehenik eta behin, niretzat egin dut, egin
nahi nuelako. Bestetik zerbaiten lekukotasuna uzteko, artxibatzeko modu
bat da, bestela ohe azpian geratzen dira gauzak. Iñaki Salvadorrek
esango lukeen bezala, momentuaren argazkiak dira diskoak, bestela galdu
egiten dira».
Diskoa atera berritan, hainbat proiektu ditu esku
artean San Martinek. Mojo Workin' jaialdia da gorriz markatuta duen
hitzorduetako bat. Martxoaren 14tik 18ra izango da, Donostian. Musika
afro-amerikarreko mitoetako batzuk gonbidatu ohi dituzte antolatzaileek,
eta horiei laguntzen dien bandan ariko da pianista bosgarren aldiz.
«Lau kontzertu izango ditut bi egunean, lau errepertorio, eta dezenteko
lana da».