Pop-rock
CD
Urola bailarako
Jotakie eta
Dirección Obligatoria
taldeetan aritu ziren Jesus Sudupe 'Patta' (ahotsa eta gitarra) eta
Luciano Martin 'Luka' (baxua) 80ko hamarkadan. 25 urteren bueltan,
2010ean berriz elkartu ziren Dirección Obligatoriaren kantu zaharrak
jotzeko eta Pattak sorturiko euskarazko abestiak aurkezteko ere. Guzti
honek, eta oso labur esanda, hemen eta orain mintzagai dugun disko eta
talde honetara eraman gaitu: Patta eta Sendaezinak, Urola bailarako
pop-rockaren tradizioari segida ematen diona eta atseginez entzun
duguna, nahiz eta abestien letrak ezkor samarrak diren (nekea,
asperdura, ilusio falta...).
Musikari dagokionean aldiz,
hasieran aipatu taldeen zantzuak daude, gutxienez 80etako arrastoak egon
badaude. Kontuz hala ere, rocketik popera doan kantu bilduma hau
bizitza propioa duelako aipatu jatorrietatik harago. Itziar Beitiaren
teklatuek epeltasun atsegina eman diote multzoari eta ahotsetan Olatz
Prat (Karelean, Lantz) aritu da Patta laguntzen. Iñigo Aranbarrik tronpa
jo du eta Iker Arrazolak (Akauzazte) bateria. Produkzio lana ere
gustukoa izan dugu. Dena bere lekuan dago, diskoari horren ongi
datorkion "ehundura organiko" hori emanez.
Bukatzeko, esango dugu Jotakieren Joxemai beltza kantua berreskuratu dutela disko honetarako.
Javier Lopez