GORKA EROSTARBE
Osaerak berak ematen dio berezitasuna
taldeari. Jazz hirukotearen moldera hurbiltzen da ezertara
hurbiltzekotan; ahotsik ez izateak jada abstrakzio maila bat ematen dio
taldearen musikari, eta baxurik ez izan eta haren ordez saxoa
erabiltzeak proposamenaren izaera jolastia azpimarratzen du. «Lehen
begiratuan, jendearentzat urruneko proposamena da gurea; nolabait,
radarretik kanpo gaude; baina, gero, zuzenean ikusten gaituztenean,
erantzun ona jasotzen dugu, gertuago sentitzen gaituzte». Hasier Oleaga
da Nevermind Trio taldeko bateria jotzaile eta piezen sortzaileetako
bat; uste du Onena heltzear dago (Errabal) disko kaleratu
berriarekin «urrats bat» egin eta euren proposamena «sendotu» dutela.
«Egiten dugun horretan fedea izatea da kontua. Nahiago genuke zuzenean
jotzeko aukera gehiago izango bagenu, baina adiskidetasun batetik
abiatutakoa da gure egitasmoa; musika hau egiten duen eta formatu hau
duen talderik ez dago ia hain ibilbide luzea duena. Jazzaren munduan
promiskuitate musikala da arau, baina guk dagoeneko laugarren diskoa
dugu, eta, izenburuak dioen bezala, onena heltzear dagoela uste dugu».
Nevermind
Trioren laugarren diskoak bederatzi pieza instrumental bildu ditu, eta
guztiak dira hiru taldekideek sortutakoak. Oleagaren beraren
konposaketak dira diskoari izenburua ematen diona, Pangea / Gure panpinak eta Tolouse the Pappers. Jorge Abadias gitarra jotzaileak sortu ditu Tejido 34, Tejido 44, Tejido 21, Otombau eta Manías mías. Tejidos
saileko hiru piezak ikasle garaiko ariketa batzuetatik abiatutakoak
dira, Oleagak azaldu duenez. « Musikene goi mailako musika ikastegian
aritu ginen hirurok, eta orduko irakasle baten ariketen garapenak dira».
Julen Izarra saxo jotzaileak —tenorra nahiz sopranoa— konpasatu du Haika
izenekoa, euskal herriko musikaren oihartzuna duena. «Jazza deitzen
diogu egiten dugunari, batez ere inprobisazioari leku egiten diogulako.
Baina gustuko ditugun musika guztien eragina nabari daiteke. Badago
jazzaren tradizio hori, baina badago rockaren eraginik aurreko lanetan
bezala, eta baita herri musikarena edo folkarena ere».
Taldeak 2010ean egin zuen debuta, Nevermind People izenarekin. Laukotea zen orduan, eta Ainara Ortega jazz kantariak jarri ohi zien ahotsa orduko konposaketei. Nirvana taldearen Nevermind diskoko kantuak jazz moldaketez jantzi zituzten; Be
(Errabal, 2012) bigarren lanean hiruko bilakatu zen —Aritz Luzuriagak
kontrabaxua jotzen zuen—, eta jazz klasikora hurbildu ziren, kantu
propioak sortuz. Sustrai barik (Errabal, 2013) hirugarrenarekin
egungo talde osaeraren zimenduak ezarri zituzten, eta, laugarrenarekin,
apustua sendotu egin dute. «Aurreko lanen ondorioa da honaino iritsi
izana. Geroz eta gertuago gaude gure soinu definitu propio horretatik»,
zehaztu du Oleagak. Izarra taldekideak osatu du egungo soinuaren
definizioa. «Diskoak badu batasun bat, baina pieza bakoitzak bere
ezaugarriak ditu, bakoitzak izaera propioa du. Erritmikoki desberdinak
dira, eta hor dago aberastasuna».
Bertsio propio bat
Ohikoa izan du Nevermind Triok beste musikarien bertsioak egitea. Aurreko lanean The Beatlesen Dear Prudence kantuaren bertsioa egin zuten. Oraingoan, berriz, etxe barrura begira jarri, eta hirugarren disko horretako Manías mías-en moldaketa dakarte. Horretarako, Escandalo Exposito
saxo jotzaile eta rap kantariaren —Hugo Astudillo berezko izenez—
kolaborazioa izan dute: «Elkarrekin ikasi genuen Musikenen, eta, saxo
jotzaile aparta izateaz gain, raparen munduan oso estimatua da». Juan
Pablo Balcazar Kolonbiako musikariak ere parte hartu du baxu elektrikoa
joz diskoko lau kantutan. Aspaldiko urteetan, Bartzelonan bizi da, eta
Oleagarekin berarekin parte hartu du hainbat proiektutan.
Diskoa
2016ko abuztuaren lehen bi egunetan grabatu zuten, Bartzelonako Cal
Pastoreten, Josue Pascual teknikari zutela: «Ezagutzen gaitu, eta ondo
ulertzen dugu elkar».