You are here: Home Artists Mikel Urdangarin Newspaper library Batzuetan zintzoa eta beste batzuetan maltzurra naiz,denok ditugu bi aurpegi.

Batzuetan zintzoa eta beste batzuetan maltzurra naiz,denok ditugu bi aurpegi.


Gazte Algara 2003-10-24
Nagore IZAGIRRE

Aingeru aurpegia du, baina batzuetan maltzurra izaten ere badakiela dio Mikel Urdangarinek: «Bizitzak berak bultzatzen zaitu askotan deabru begirada izatera».Bizitzak,era berean,bere kabitxoa musika munduan topatzera eraman du eta,halaber,poesiaren bideak arakatzera.

Zaharregia, txikiegia agian” diskoan ari da lanean Mikel Urdangarin, lagunartean, Kirmen Uribe, Mikel Valverde, Rafa Rueda eta Bingen Mendizabalekin batera. Beraien artean «kimika» sortu dela dio Zornotzako abeslariak.

“Zaharregia, txikiegia agian” diskoa lagunartekoa da. Eroso sentitzen al zara lagunartean?
Bai, oso eroso. Lagunartean, bai lanean bai edozer gauza izanik, pertsona eroso sentitzen da. “Zaharregia, txikiegia agian” diziplinarteko gauza da, marrazkia, testua, musika eta poema uztartzen dira. Kimika handia sortu da denon artean, aurretik ezagutzen ez genuena, behintzat sakontzeko aukera izan dugu, elkar hobeto ezagutzeko aukera.

Zintzo, aingeru aurpegia duzu. Halakoa al da Mikel Urdangarin?
Mikel batzuetan zintzoa da, beste batzuetan maltzurra... eta, beno, gauzak ongi egiten saiatzen den pertsona bat, baina ez zaio beti ongi ateratzen. Asmoa hori izaten da. Norberak ezagutzen ditu bere akatsak eta saiatzen da haiek zuzentzen, baina, beno, lan nekeza da.

Bi aurpegi dituzu beraz...
Beno, nork ez ditu bi aurpegi...? Bizirauteko beharrezkoa da maltzurra izatea batzuetan. Bizitzak berak behartzen zaitu askotan maltzurra izatera, halako deabru begirada izatera.

Behin «filosofatzen» hasita, zer da zuretzat poesia?
Ene! Ez dakit! Lehen ez bezala, orain sentitzen dudan gauza bat da poesia. Kirmenen lanek piztu dute nire poesia egarria. Eta beno, poesia nik ulertzen dut baldin eta entzuleari euskara errazean edo euskara oso gizatiarrean idazten bazaio. Poesia idazteko modu asko dago, eta ni gertuen sentitzen naiz poesia zuzen batekin, hunkitzeko gaitasuna duen poesia atsegin dut, sentsazioak ematen dituena. Badira Euskal Herrian hori lortu duten poetak. Bada poesia bat hizkerari begira oso gertu geratzen dena. Baina ezin dut definitu poesia.

Egia al da neska gaztetxoak txoratzen dituzula?
Ez dakit, ez dakit... ez dut horrelako daturik.

Oso xumea izaten ari zarela iruditzen zait...
Ez dakit, ez dakit memento honetan ere zintzoa ala maltzurra izaten ari naizen. Galdera horren harira, bada, egongo da nire musika atsegin duen jendea, neska zein mutilak. Neure gustuan konfiantza izaten saiatzen naiz, nire galderei erantzuna ematen. Nik espero dut nire galderak beste batzuenak ere izatea, eta erantzunak ere bai, saiatu beste batzuentzat ere balio dezaten, baina nik saiatu besterik ezin dut egin.

Zer esaten dizu Bar Puertok?
Hasierako Bar Puerto izan zen aitzakia Kirmen eta biok elkar hobeto ezagutzeko eta Euskal Herrian barrena batetik bestera biltzeko. Koadrila lana duatorkit gogora Bar Puerto aipatzean. Ez da erraza taberna giroa eszenatokira eramatea. Garrantzitsuena gure arteko hartu-emana izan zen. Intentzio onez josita zegoen ekimena zen, baina lana nolabait hankamotz geratu zela uste dut. Dena den, gogoz egindako lan bat izan zen.

Zer da, zure ustez, adiskidetasuna?
Ene! Adiskidetasuna oso gauza zaila da definitzen. Norberak badauka bere sailkapena eginda. Adiskidetasunak berak kolore asko dituela konturatzen zara, ez dago hitz bat eta lagun mota bakar bat. Adiskidetasuna lagun askoren aurpegiak osatzen du eta, maitasuna bezala, oso gauza pertsonala iruditzen zait. Norberak eman behar du erantzuna.

Esango al diguzu daukazun nahiren bat?
Atxiloketak izan direla dioten berriekin, “Berria” egunkariaz ari naiz, gehiagotan ez esnatzea nahi nuke. Dena den, ni etorkizunari begira baikorra naiz eta uste dut herri honi arnasa hartzen uzten zaion unean ezagutzen ez dugun egoera batera helduko garela, eta horrekin batera, izaera bera aldatuko zaigula pentsatzen dut. Nire ustez, atxiloketen moduko gertakariek ere indartu egiten gaituzte.

Irakasle, bertsolari, panderojole, abeslari... zer gehiago izango da Mikel Urdangarin?
Denok ematen dugu bizitza osoa nork bere kabia aurkitu nahian. Askotan bilaketa horrek gure bizitza ia osoa. Bilatu bai, baina nork bere kabia aurkitu arteko bideak frustrazioa eragiten du. Nik uste ni nire kabitik oso gertu sentitzen naiz, musika da nire kabia, oso eroso sentitzen naiz.

Zure kabitxoa aurkitu duzu beraz:
Bai, aurkitu dudala uste dut.



Argazkia: Juanan RUIZ | ARGAZKI PRESS