You are here: Home Artists Mikel Urdangarin Newspaper library «Edozein hizkuntzatan kantatzeko gogoz nago»

«Edozein hizkuntzatan kantatzeko gogoz nago»


EUSKALDUNON EGUNKARIA 2002-10-06
**IÑAKI URIARTE** Bilbo

Hamaika kanturen hitzak Mikel Urdangarin berarenak dira. Lehenengo aldiz katalanez aritu da abeslari zornotzarra. Hurbileko gaiak jorratu ditu "Heldu artean" disko berrian. Talde berritua eta soinu akustikoekin dator Gaztelupeko Hotsak disketxearen eskutik.

Bakardadea, laguntasuna... eguneroko gaietan murgildu zara ostera ere.

Gaien aldetik ez dakit disko berria den, kontua da gauzak nola azaltzen diren. Konturatu naiz egunerokotasuna duten gauza txikiez arduratzen naizela. Horiek dira ezinbestekoak aurrera egiteko. Ez dut aurkitzen nire ongizatea amets handietan eta Karibeko uharteetan. Nire inguru hurbila familiaz, lagunez, inporta zaidan jendeaz osatuta dago, eta modu intentso baten saiatu naiz hori azaltzen.

Maitasun egarria beti dakarzu zurekin.

Maitasuna eta bizitza sorta berean datoz. Bakardadea, tristura, heriotza, poza, euforia, maitasuna... Maitasuna gai errekurrentea da, baina beste batzuekin batera.

Euskal Herriaren egoera ere ikusmiran daukazu pare bat kantutan.

Euskal herritar bezala, mundua urrunegi dago niretzat, eta ez dut uste gauzak aldarazteko gaitasuna daukadanik. Zoritxarrez, Euskal Herrian gatazka politikoa pil-pilean dago, baina uste dut kontu hau luzetxo doala, jendea nekatuta dago; kantu batean azaltzen den begirada nekearen begirada da. Gatazka klabean bizitzeak deshumanizazio bidea dakar, eta ni neu ez nago horretan murgiltzeko prest. Hori bai gerta daiteke, oso erraza da hori gertatzea.

Etsitua?

Frustrazio eta dezepzioa agertzen dut euskalduna naizelako, herri honetan sinesten dudalako, izugarrizko aukerak dituelako. Jende on eta baliagarri asko dago herri honetan, baina uste dut gatazka honen eragileek ez diotela arnasa hartzen uzten herriari.

Ni euskalduna naiz, ez naiz ekidistantea, ez naiz neutroa gatazkarekiko. Euskal herritar bezala nire eskubideak zapalduta daude, herri honekiko izugarrizko zorra dago. Nik espero dut egunen batean Espainia aurrerakoiak eta liberalak ausardia edukiko duela barkamena eskatzeko. Gure herrian ere halako ariketa bat egin beharko dugu, barkamena eskatu esku zabaltasunaz, inoiz herri libre bat izango bagara.

Diskoan ere grisak ugari...

Baretasuna. Nik 30 urte ditut, gaztea naiz baina lasaitasun puntu batez begiratzen diot bizitzari. Kontenplazioari denbora asko eskaintzen diot. Diskoa ez da grisa, portada nik nahi nuen baino grisago atera da, baina niretzat baretasuna da gehiago.

Azalean agertzen den emakumeak lepoa ematen dizu...

(Barreak) Ez dut horretan pentsatu orain arte. Hor emakume bat agertzen da diseinatzaileak, Mel Mardarasek, hala jarrita. Nik askatasun osoa eman nion egiteko burutik pasatzen zaiona, eta hau izan zen berak eman zidana, eta nik onartu egin nuen. Polita iruditu zitzaidan gainera, eta hor emakume bat agertzen bada da berak hala erabaki duelako, eta ni ados nago berarekin.

Taldean musikari ugari aldatu dituzu. Zeren bila zabiltza?

Nik orain arte ondoan izan ditudan musikariengandik asko ikasteko aukera izan dut, eskola baten modukoa izan da. Disko honetan aurretik egon diren musikariek hartzen dute parte eta baita musikari berriek ere. Denak arima duten musikariak dira. Birtuosismoa alde batera utzita, niretzat arima da inportanteena musikari batengan.

Lan sano akustikoa irten da.

Oso akustikoa. Ez dago instrumentu elektrikorik. Horrela atera da. Nik banuen puntu elektriko bat buruan baina gero estudioko lanean gauzak aldatu egiten dira. Puntu intimo baterako nik gertuago sentitzen dut soinu akustikoa elektrikoa baino, baina biak dira baliagarri.

Kantu gehienetako letrak zureak dira oraingoan.

Sentitzen nuen funtsezko mementoa bizitzen ari nintzela, eta izugarrizko beharra sentitzen nuen neuk idazteko, nahiz eta jakin beste batzuek agian hobeto egingo dutela. Baina zer da hobeto? Kasu honetan, nahiago nuen akaso letren balio literarioa hipotekatu neu gustura geratzeko ordainetan. Onartuta daukat, akaso, kontatzaile hobeak badirela. Norberak kontatzea ordezkaezina da.

Azkeneko kantua, Maiatza, Kirmen Uriberena da, izugarri miresten dudan idazle eta lagunarena. Poema hori diskoarekin bat-bat dator, eta modu polita da diskoa amaitzeko, modu baikor eta adiskidetasunezkoa.

Lehenengo aldiz ausartu zara lan egiten euskara ez den hizkuntza batean.

Katalana ikasten aritu naiz aspaldi honetan eta irakasleenganako keinua izan da, esker oneko keinua. Hizkuntzez maiteminduta nago, nahi nuen sentitu katalanez, erakutsi ez dela ezer pasatzen beste hizkuntza batean kantatzeagatik. Errespetua daukat Kataluniako herria eta hango kulturarekiko. Badaukagu zer ikasia, eta haiek ere bai gugandik.

Zuberoan hasi eta Kataluniaraino heldu zara.

Onartu behar dut hurbiltasun emozional handiagoa daukadala katalanarekiko gaztelaniarekiko baino. Gaztelania da gure herriko hizkuntza bat, baina orain arte ez dut inoiz sentitu hartan kantatzeko gogorik. Beharbada izango da, tamalez, euskal kulturak bizi duen ahultasun egoeragatik. Edozein hizkuntzatan kantatzeko gogoa daukat, ez dut alboratzen tarteka ingelesez edo frantsesez kantu bat egitea.

Bertsolaritza albo batera utzi duzu oraingoan.

Bertsoak afarietan bakarrik. Lan honetan bertsoa ez dago aurrekoetan bezain presente.