The New Jazz Voices Ensemble izena du Mikel Gaztelurrutia pianistak (Eibar, 1970) kaleratu berri duen diskoak. Jazz hirukote batez lagunduta, ahots laukote batentzako errepertorioa jaso du Gaztelurrutiak lan horretan, zeinean pop musikaren klasikoak (Roxanne, The Police taldearena, eta Don't You Worry 'bout A Thing, Stevie Wonderrena) eta jazzarenak (Caravan, Mood Indigo...) sartzen diren, George Gershwinek (I Got Rhythm), Aita Donostiak (Oinazez) eta Gaztelurrutiak berak (Samba do novo amor) sorturiko piezekin batera.
Jonan Ordorika soinu teknikariarekin Eibarko Coliseo antzokian grabaturiko diskoan ahots laukotea osatu dutenak hauek izan dira: Maria Jesus Abaigar, Nerea Erbiti, Andoni Arcilla eta Asier Arcilla. Richie Ferrer kontrabaxu jotzaileak eta Vincent Thomas bateria eta perkusio jotzaileak lagundu diote Gaztelurrutiari. «Ahots harmoniek Hollywoodeko klasikoak dakarzkigute, merkataritza eta kalitatea bateraezinak ez ziren garaiak», azaldu du Errabal diskoetxeak.