
Gasteizen eta Leintz-Gatzagan (Gipuzkoa) 2005. urtean sorturiko taldea da Malatu, eta taldekideen artean ibilbide luzeko musikariak daude, aski ezagunak; Alberto eta Nando de la Casa anaiak esaterako, Ruper Ordorikaren Mugalaris taldean hainbat urtez aritutakoak.
Iñaxio Gabilondo (ahotsa eta harmonika), Mikel Garcia (gitarra eta doinu gehienen egilea), Txefe Ferroni (saxofoia), Laura Ortega (pianoa eta ahotsa) eta Luisja R. Barron (perkusioa) dira gainontzeko taldekideak. Potato, Altxemi Trio, Gasteiz Big Band, Anastua Jazz Perku Band, La Mujer Barbuda eta beste hainbat taldetan parte hartutako musikariak dira denak.
Taldearen proposamenak iturri askotatik edaten du. Horrela, lehen disko honetan, herri kantagintza -Mikel Laboa erreferentzia nabarmena da-, jazza, aire latinoak, ekialdeko melodia ijitoak, perkusio afrikarrak edota flamenko printzak nahasten dituzte, eta fusio horretatik swing handiko musika sortzen dute, "entzunerraza baina landua".
Malatu "sinbolismo handiko" leku baten izena da. Zehazki, XVI. mendean Luiaondo herrian (Araba) zegoen zuhaitz bati jarritako izena da. Zuhaitz horrek Bizkaiko jaurerriaren muga zehazten zuen, eta bertan Bizkaiko soldaduek uzten zituzten beren armak eskegita.