Iñazio Gabilondo.
Malatu taldeko kantaria
Swinga, bossa, ekialdeko doinuak, erritmo afrikarrak... eta beste. Ez da erraza zuen musika sailkatzea.
Gutako bakoitza ere aski pertsona diferentea da, eta guztiona sailkatzea ez da erraza, baina doinu eta eragin horiek guztiak egon badaude.
Musika izendapenetan sartu gabe, zerk sorrarazten dizu egiten duzuen musikak?
Hitz bat erabili behar banu, askatasuna izango litzateke. Egia da ditugun musika tresnek mugatzen dutela gure jarduna. Trikitirik ezin dugu egin, baldin eta trikitirik ez badugu, baina gainontzean askatasuna transmititzen dit egiten dugun musikak. Euskal Herritik mugitu gabe hegan egiteko aukera da diskoa.
Diskoan hegan sumatzen dena Mikel Laboaren izpiritua da. Bai azalean, eta batez ere zure ahotsean...
Nire ahotsarena nabarmena da bai, batzuetan besteetan baino gehiago. Taldera batu aurretik, emanalditxoak egiten nituen nire gitarrarekin, eta Laboaren eragina handia nuen orduan ere. Laboak beti hunkitu nau. Diskoan sartu dugu Gaur ere patioan izeneko kantua. Ni neu eta nire gitarra, besterik ez, eta hor Laboaren oihartzuna argia da. Tristura transmititzea irteten zait askotan, eta Laboaren moldea agertzen da hor. Kantu horrek ez du zerikusirik gainontzekoekin, baina taldekideei gustatu eta sartu egin genuen. Gainera, Laboak Maitatua sobera (ama) Jules Moulier Oxobi-ren kantua abesten zuen, eta haren bertsioa ere sartu dugu.
Su motelean egositako kantuak dira zuenak, bi urtean eginak eta mimoz grabatuak. Eta lasaitasuna transmititzen dute, gainera.
Ederra litzateke hala balitz. Musikak transmiti ditzakeen gauzetako bat da lasaitasuna. Hori eta zoriontasun apur bat sentiaraziko bagenu primeran. Gure proposamena ez da kañeroa eta gau girokoa, baina, lortuko bagenu beste zirkuitu batean barneratzea, gustura geundeke.