Iker Tubia. Berria
Musika
eskolak ematen dituen gelan azaldu ditu Nerea Erbitik (Leitza,
Nafarroa, 1980) bere musika proiektuen nondik norakoak. Bihar, Nerea
Erbiti eta Eskola Ergatiboa ariko dira Iruñean, Sanduzelaiko Civivoxean,
19:30ean. Urtarrijazz jaialdiko lehena izanen da.
Eskola Ergatiboa ez da eskola bat, ezta?
Ez,
orain hasi dugun proiektua da, produkzio lana egiteko, elkarrekin lan
egiteko. Zentro bat da. Ion Celestino eta bion eskola AAHM da.
Ergatiboa zergatik? Berezkoa delako?
Subjektuari k jartzen zaio ekintza egiten duenean. Latineko ergos, egiten duena da. Horregatik jarri genion. Eta ikasketa bat delako.
Jarraitzen duzu tradizio propio bat bilatzen?
Bai, bidean gaude. Lurpekariak taldearekin egin genuen hasiera. Lurpekariak inprobisazio free
musika izan zen batez ere; orain gauza elektronikoak egitera sartu
gara. Ion MPCarekin aritzen da. Galdera bat egiten dugu: nolakoa izango
litzateke gure tradizioa musika beltzean pasatu den bezala garatu izan
balitz? Musika beltzean gauza oso esperimentalak egiten dira, baina
haien tradizioa aditzen da. Euskaldunek horrelako musika berritzailea
egiteko hartu ohi dugu haien hizkuntza. Guk gure hizkuntzan egin nahi
genuen, gure erroekin.
Hori nola egin duzue?
Zuzenean hartu ditugu erro horiek, eta horiekin, gaur egun ikasi dugunera: jazz, neosoul...
Euskal tradizioak badu jazzetik?
Jazzaren
ezaugarri nagusia, esan dezagun, inprobisazioa da, eta elkarrekin
jolastea. Euskal musikak badauka jazza: Mikel Laboa jazza da.
Txalapartan ere inprobisazioa dago: bi pertsonaren artekoa da,
momentukoa, eta jolas bat. Artzainen ahotsa, askotan, oso inprobisatua
da. Baina, estiloan, bi mundu dira.
Zerk batzen ditu Primi Erostarbe eta J Dilla?
Deusek
ere ez, eta denak. Bi pertsona dira, eta bakoitzak bere baliabideak
ditu; beren inguruan eta momentuan egin behar zutena egin zuten. Biak
elkartuta, badago lotura bat. Primi Erostarbe niretzat oso beltza da.
Beltza izatea da oso zuria izatea.
Eta scata eta irrintzia?
Scata
ingelesez da, eta irrintzia euskaraz. Irrintzian batzuetan hitz egiten
da, eta bada inprobisazioa: hitzak edo silabak, afinazioa, azkarrago edo
mantsoago modulatzea...
Scata euskaraz egin liteke?
Egin
daiteke, eta horretan gabiltza. Scata jazzetik heldu den gauza bat da,
oso silabikoa. Euskal inprobisazioak agian ez du hain silabikoa izan
behar. Hainbat saiakera egin ditugu: scata hartu, eta euskarazko silabak
jarri. Baina hori nahiko arraroa da, ez? Pixkanaka. Azken finean,
euskaraz inprobisatzea da kontua.
Antzinako eta etorkizuneko abeslaria omen zara. Atzera begira zoaz aurrera? Edo alderantziz?
Atzera
begira badago ahotsean zerbait oso euskalduna dena: abesteko era,
afinazio ez tenperatua... Baina, gero, bada zerbait oso modernoa, eta
ezin diogu uko egin: musika beltza, bere eboluzio guztiarekin. Beraz,
uste dut aurrera noala.
Afinazioak asko harritzen du?
Bai.
Galdetzen digute zergatik desafinatzen dugun. Nahita ari gara horrela.
Afinazioa eta denbora. Herriko erara abesten denean esaldiak ez daude
neurtuta egungo lau konpaseko esaldiak bezala, eta ez zegoen tresna
harmonikorik. Saiatu gara erro horiekin oso fidelak izaten.
Lurpekariekin baino urrats bat harago eginen duzue. Noraino?
Hemen,
gehiago nahastu dugu Dilla, baseak... Pianoa ere badago, eta hori
harmonikoa da, tenperatua. Pianoak bi mundu horiek kontrajartzen ditu.
Afinazio ez tenperatuak talka egiten du pianoarekin. Dena esperimentu
bat izaten ari da.
Bilatu eta bilatu, zer aurkitzen duzue inprobisazioan?
Inprobisatzea,
nolabait ere, hitz egitea da. Musikan inprobisazioak askoz ere
askatasun gehiago ematen dizu. Asko bilatu behar duzu zer inprobisatu
izateko. Ikasketa bat da.
Biharkoa zer izanen da?
Luzerako
proiektua da; gure bilaketarekin segituko dugu, baina aurreneko
esperimentua izango da. Izango dira dantzak, jauziak, ariketak,
inprobisazioak, melodiak...
Irakurle agurgarria:
Honaino iritsi zarenez,
eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria
babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen
diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko.
Sarean eskaintzen
dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena
eginda, urrutira iritsiko ginateke.
Kazetaritza libre, ireki
eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea
delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan.
Idatzi gurekin etorkizuna.
Geroa zugan.
Argazkia: IÑIGO URIZ / FOKU