Surf-rock olatua hartuta
Los Galerna Arrasateko boskoteak 'Akelarre' atera du, surf musika, swinga, bluesa eta rock gordina uztartuz
Iturria: | Berria |
Eguna: | 2013/09/05 |
GORKA EROSTARBE

Jokin Vitoria (bateria) eta Aitor Moreno (baxua), Los Galerna taldkeko kideak. / ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS
Mexikotik itzuli berriak dira. 18 egun egin dituzte Mexiko DF hiriburuan, Chiapas eta Puebla estatuetan. Eta 12 kontzertu eskaini dituzte. Ez da kasualitatea Mexiko aukeratu izana nazioarteko lehen bira luzea egiteko. Han erro sendoak ditu surf musika instrumentalak. «Zoramena izan da, baina zentzu onean. Asko bizi dute musika mexikarrek, eta oso bereziki surf-rocka. Jende zoragarria ezagutu dugu, eta jada irrikaz gaude berriro itzultzeko».
Aitor Moreno Los Galerna taldeko baxu jotzailearen hitzak dira. Arrasateko boskoteak Akelarre disko berria dauka plazan. Euren hirugarrena da, Gaztelupeko Hotsak zigiluarekin kaleraturiko lehena. «Mexikon aurkeztu dugu aurrena, eta orain Euskal Herrian ezagutarazi nahi genuke». Bihar izango da hartarako lehen aukera Bilboko Crazy Horse tabernan (23:00etan), eta Lost Acapulco talde mexikarrarekin ariko dira, hain zuzen ere. «Guretzat talde mitikoa da. Haien kantuak jotzen hasi ginen-eta», gogoratu du Jokin Vitoria bateria jotzaileak. Larunbatean izango dute lan berri etxean aurkezteko aukera, Arrasateko Taupa tabernako terrazan ariko baitira, egun-argitan, 19:00etan.
Josu Garcia eta Iñigo Domingo gitarra jotzaileek eta Ibai Akizu saxo jotzaileak osatzen dute boskotea. Saxo jotzailea izan da, hain zuen ere, taldera batzen azkena. 2008 bukaeran sortu zen taldea, eta hasieratik izan zuten surf musikarekiko joera; «desberdina zitzaigulako». Donostiako Zurriola hondartzan zeudela enbata batek harrapatu zituen arrats batean, eta egoera hartatik atera zuten taldearen izena.
Gazteak dira bost kideak, baina ez musikaren munduan hasiberriak. Los Galerna sortu aurretik beste hainbat proiektutan ibiliak dira, guztiak rock-and-rollaren ingurukoak eta indartsuak: The 5 Twisters, Foxy Boxxi, Lost Souls eta beste. Los Galerna sortu, eta rock instrumentala egiteari ekin zioten, «erronka modura». En el purgatorio (2010) lehen diskoarekin The Ventures, The Shadows eta surf-rockaren beste hainbat talde klasiko izan zituzten belarri-miran. «Euskal Herrian ez dago surf-rockaren eszenarik ia, baina konturatu ginen Espainian adibidez ondo hartzen gintuztela», zehaztu du Vitoriak. Surfusion (2012) bigarren diskoarekin eraginak zabaldu zituzten, izenburuak berak dioen moduan beste hainbat musika estilorekin uztartuz, funkarekin, latin musikarekin, psikodeliarekin eta garage rockarekin, batez ere. Disko horretan saxoaren kolaborazioa izan zuten jada hainbat kantutan.
Zuzenekoetan, ikuskizuna
Kaleratu berri duten Akelarre lanean saxoa erabat barneraturik egon da taldean. «Akelarreizenburua jarri diogu, zuzeneko bakoitza akelarre baten modukoa bihurtzen dugulako, eta, gainera, diskoan eragin mota asko nahastu dugulako». Hamar kantu ditu lan berriak, eta biniloan ere kaleratu dute. Surfaz eta rock-and-rollaz gain, swinga, 70eko hard-rocka, orkestren dotorezia, birtuosimoa eta beste uztartzen ditu Los Galernak lan berrian. Lehen aldeko Lobo, La Cruda etaAlimaña surf-rock klasikotik hurbil daude. Klentxas Joe-k asko dauka swing eta bluesetik etaFranken surf-ek rock indartsuenaren hezurdura dauka. Bigarren aldea «gordinagoa» dela diote taldeko kideek beraiek. Garage rock ilunaren zantzuak dauzka Cerdo de Guerra-k, esaterako, eta countrya, hillbillya eta oro har doinu estatubatuarrak biltzen ditu Fuego en la venta-k.
Diskoa Beasaingo Pottoko estudioan grabatu zuten ekainean: «Lau egun baino ez genituen behar izan», gogora ekarri du Morenok. Abesti guztiak elkarrekin joz grabatu zituzten, soilik Ibai Akizu saxo jotzaileak grabatzen zuen bere zatia aparte, «teknikoki erosoagoa zelako». Grabaketaz, nahasketaz eta masterizazioaz Fredi Pelaez musikaria arduratu zen.
Behin diskoa grabatuta eta plazaratuta, gehien gustatzen zaiena egiteko ordua iritsi zaie, zuzenekoetan aritzea: «Hor ematen dugu guztia. Ez dugu kantaririk beraz, zuzenekoetan arlo bisuala lantzea egokitzen zaigu, eta ikuskizuna egitea. Zuzenekoak basatiak eta anfetaminikoak izaten dira», esan du Morenok. Mexikoko hainbat rock taldetan ohikoa izaten da zuzeneko kontzertuetan kideek maskarak eramatea. Antzeratsu egiten dute Los Galernakoek ere, «nahiz eta gureak maskara arinagoak izaten diren».