Rock instrumentalaren hizkuntza, entzule eta mugak gainditzeko gaitasuna
Iturria: | Argia |
Eguna: | 2015/10/25 |
-
EGILEA :: Los Galerna vs. Cavernarios
IZENBURUA :: Sangre en el Atlantico
Gaztelupeko Hotsak, 2015
2008an Arrasateko The 5 Twisters, Foxy Boxxi, Lost Souls eta herri horretako beste musika talde batzuetan ibilitako zenbait musikarik Los Galerna sortu zuten. Hasieran The Ventures, The Shadows eta antzeko klasikoen tamainako surfrocka egiten zuten; eta kantu propioekin taldearen izen bereko disko txukuna kaleratu zuten. Baina Los Galernaren helburua harago zihoan; erakutsi nahi zuten musika instrumentala egin arren, ahots gabe asko espresatu daitekeela eta, bide batez, surfaren alderdi apurtzaileena erakutsi.
Surfusion bigarren lanean, pauso askoz ausartagoa eman zuten eta taldekide bakoitzaren musika-bizipenetatik abiatuta, gai izan ziren surfari ukitu ganberroagoa emateko, estiloa birtuosismotik parametro rockeroagoetara eramateko eta surfaren mantupean beste hainbat estilori lekua egiteko. Progresio eta aldaketa handiko kantuak idatzi zituzten, garagetik (Dale fuzz!), latino eta funkyaren groovetik (Surfusion), espioi soinubandak konposatzera (Dr. Bocanegra), westernetara (Quetzalcoall), edo psikodeliara zein erritmo afrikarretara salto egiteko.
Ordurako soberan egiaztatua zuten taldeak ez duela hurbilean lehiakiderik, eta edozein agertokitan direla ere, maila oso goian uzten dutela –Mexikoko ikusle jantziek ere egiaztatu ahal izan duten bezala–. Hain zuzen ere, taldeak, ikuskizuna ematearekin batera, punk eta rockandroll bizienaren astindua ematen die ahotsik gabeko kantu irekienei. Eta saxoa taldean erabat barneratuta, Akelarre diskoan, mozorrotutako erritual arriskutsuan, birtuosismoa, ukitu vintagea, orkestren dotorezia, westerna, swinga, 70eko hardrocka, garagea, countrya, hillbillya zein Vampisouleko talde beroenen marka azaleratu zituzten.
Izan ere, Mexikokoa da munduan surf eta rock instrumentalean garatuen dagoen eszena; eta hortaz, ez da kasualitatea urtero arrasatearrak itsasoaren bestaldean birak egiteko eskaintzak jaso eta, jakina, gauzatzea. Lerro hauek irakurtzeko orduan ere han izango da taldea berriro; eta joan aurretik The Cavernarios taldearekin batera honako lana kaleratu dute.
The Cavernarios Cuatitlán Izcalli hiriko (Mexiko) taldea da, 2001etik surf, garage eta rockabilly estiloak landuz disko ugari kaleratu dituena. Aspaldian, gainera, rock instrumentalera erabat lerratu da. Mexikarrek ireki dute erdibanako diskoa neurtutako rock-and-roll instrumental beroa den Twist del elefante piezarekin. Jarraian dator El gran sur misteriotsu eta aldi berean birtuosoa, muturreko sonoritatea eta ia kiribilean bukatzen den garapena duena. Eta postre gisa Los Galerna taldearen Como pica esta arena kantuarekin ausartu dira, rock-and-roll erritmoarekin, distortsioarekin eta afinazio desberdinarekin.
Los Galerna diskoaren bigarren aldeko jaun eta jabe dira: Jaguar stompek eztanda egin eta deabruak gidatutako saxoarekin surf jantzia duen punk-rocka eta ukitu latinoa ezkontzeko ausardia dute. Toneladas de reverb, berriz, modu pausatu eta mugaldekoarekin hasten bada ere, gerora distortsionatu eta zaldi trosta eroari ekiten dio. Bukatzeko, The Cavernarios omentzen dute Soy de la costari, jai ukitua kendu gabe, erritmoa eta reverba biderkatuz.