You are here: Home Artists Kemen Lertxundi Newspaper library Liburu baten eta disko baten batura

Liburu baten eta disko baten batura


Asteazkena, 2008ko uztailak

Kemen Lertxundi Kantaria eta poeta

Galdutako Zubixak disko-liburua kaleratu du Kemen Lertxundik; liburu baten eta disko baten batura da lana, sentimenduak sortzeko asmoz landutako poema eta kantuz osatua.

Kantuak bilatu egin behar izaten dira, baina poesia bera etortzen da

Asier Alkorta Ondarroa Berria

Poemak eta kantuak biltzen dituen Galdutako Zubixak (Gaztelupeko Hotsak) disko-liburua kaleratu du Kemen Lertxundi (Ondarroa, 1979) musikari eta poetak. Gitarra eskuetan hartuta eta aho soinua ezpain parean jarrita, bizitzan zehar pertsona orok senti dezakeen sentimendua poemetan eta kantuetan elkartu ditu oraingoan. Ez da ez lehen aldia bere fruitu musikalak plazaratzen dituela; bai, aldiz, oihartzun handiena izan duena.

*Zelan sentitzen zara izandako emaitzagaz?

Oso pozik nago. Ez nuen espero horrelako disko-liburu bat ateratzea, ez delako oso ohikoa, baina pozik nago. Hasieran formatu ezberdinak ikusten egon nintzen diskoetxekoekin batera, baina azkenean honekin geratu ginen, eta poz-pozik nago azken emaitzarekin.

Poemak eta kantuak, ala kantuak diren poesiak dira diskoan bildutakoak?

Izatez poemak eta kantuak dira. Sorrera ezberdina dute; poemak motzagoak dira, zuzenagoak. Pertsona batzuek, aldiz, kantuek poemek baino gehiago esan dietela aitortu didate. Ez dakit hori ote zen nire asmoa, baina bakoitzak hitzak bere erara interpretatzea ondo dagoela uste dut. Berez, poemak irakurtzeko daude eginda eta kantuak entzuteko.

Hitzek pisu handia dute disko osoan.

Kantu bateko melodia eginda dagoenean ere, abesti on bat izateko letra ona ezinbestekoa da. Hitz egokiak erabili behar dira. Nik, esaterako, hasieratik amaierara eginda zeuden kantu batzuk ez ditut jendaurrean abestu, ezta argitaratu ere.

Sentimenduak dira nagusi diskoan. Sentimenduz egin eta jendeari sentimenduak helarazteko lana dela deritzozu?

Hitzen zentzua ondo hausnartzen dutenek zer edo zer atera dezaketela uste dut; sentimenduak sortzeko lana egin dut. Azken finean, bizitzan pertsonentzat onak edo txarrak diren edo izan daitezkeen bizipenak biltzen dira, edonork bizi ditzakeenak.

Zergatik aukeratu duzu Galdutako Zubixak izenburua?

Nire ustez, izenburu horrek lan osoa biltzen du: Galdutako zubixak, nahita galdutakoak, nahi gabe galdutakoak, poesiak eta kantuak lotzen dituztenak...

Kantu eta poema bakoitzak zure bizitzako momentu bat islatzen du?

Bai. Poema bat momentu batean, egoera batean eta leku batean sortzen da. Kantuak bilatu egin behar izaten dira, baina poesia bera etortzen da. Idazten hasten banaiz ez naiz gelditzen amaitu arte. Horregatik, bertso bakoitzak momentu bat deskribatzen du.

Topikoak hautsiz, zenbat gezur esan digute azken bi mila urtetan esaten duzu poema batean. Poesiaren bidez errealitatea erakusten saiatzen zara?

Bizitzan topiko asko daude, baina topikoak hitzak berak definitzen ditu. Errealitatea, izatez, margotzen dutena baino ezberdinagoa da. Errealitate horretako topikoak agerian lagatzeko, maitasunaren alorra erabili dut lan honetan.

Zelan definituko zenuke zuk zeure diskoa?

Nik ez dakit, baina diskoetxekoek lan deserosoa dela esan zuten, nahiz eta jendeak onarpen ona edo txarra egin. Ez da liburu artean gordetzeko lana, ez eta disko artean gordetzekoa, produktu deserosoa da. Liburu baten eta disko baten batura da.