You are here: Home Artists Kemen Lertxundi Newspaper library Izan zitekeen arrantzale...

Izan zitekeen arrantzale...

Hitzak, musika eta itsasoa ditu sorkuntzarako iturri Kemen Lertxundi kantari ondarroarrak


Iturria: Berria
Eguna: 2010/04/02

Gorka Erostarbe.

Ondarroa

Izan zitekeen bera ere arrantzale. Aita eta aitona arrantzale zituen, eta «oso gertukoa» zaio arrantzaleen mundua: «Baina txikitatik buruan zizelkatu zidaten nahi nuena egin nezala, edozer gauza izan nendila, baina arrantzale ez». Izan zitekeen arrantzale, baina ez da. Halere, itsasoa beti present, nola bizitzan hala kantuetan: «Udan, tarte bat dudanero, arroketara joaten naiz. Hondartzara ez, jende gehiegi egoten da eta». Itsasoaren sosegua eta indarra gurasoen etxetik bertatik jaso ahal izan du, Ondarroako (Bizkaia) lekurik garaienetakoan dute eta bizilekua. Eta kantuetan ere ageri du itsasoa: «Itsasoa bera ez bada, kaioak edo faroak».

Mugimendu dezentekoa dago portuan, eguerdi garaiko mugimendua. Udaberriko giroari eguraldi narratsa gailendu zaio, «iparraldeko haize freskoa» eta euri zaparradak tarteka. Eguraldia eta itsasoa ez bezala, bare dago Kemen Lertxundi (Ondarroa, 1979). «Lasai» da sarrien aipatzen duen hitza. Izan zitekeen arrantzale, baina ez da. Musika irakaskuntza eta psikopedagogia ikasi zituen, eta, irakasle lanetan diharduenez, Aste Santuko oporretan da dagoeneko, «lasai»: «Ezin kexa gintezke, egutegiari dagokionez behintzat ez».

Iazko udazkenean argitaratu zuen Begi berriak atzo gaueko irudientzat (Gaztelupeko Hotsak). Urtebete lehenago kaleraturiko Galdutako zubixak (Gaztelupeko Hotsak) disko liburuaren jarraipena izan zen, taldearen laguntzaz eta errepertorio zabalagoz egindako pop eta folk lana. Irratietan entzun ziren kantuak, eta ateak zabaldu zitzaizkion, baina azkenaldian kontzertuen aldetik «lasai» dabiltza: «Ez dakit krisiarengatik edo zer den, baina mantso doa gauza. Halere, ni lasai nago. Kontzerturik gabe denbora gehixeago dut-eta gauza berriak sortuz joateko».

Izan zitekeen arrantzale, erakuts ziezaioketen arrantzan -« tira, kanaberarekin arrantzara joan izan naiz, e!-, baina, musika ikastera bultzatu zuten txikitatik. Solfeoa ikasi zuen aurrena, eta klarinetea hurrena: «Herriko bandan jotzen nuen klarinetea». Begi bat eta belarri bat klarinetean eta bandan, baina beste belarria herriko musika lokaletan eta

gitarran zituen: «Berandu hasi nintzen gitarra jotzen, ordurako izango nituen 23 bat urte. Baina segituan konturatu nintzen gustuko nuela. Edozein unetan jo dezakezu, sofan eserita zaudela, esaterako. Eta ez du klarineteak adinako erritualik behar prestatzeko. Eta ohartu nintzen hiru-lau akorde nahikoak zirela kantu bat osatzeko, nik adierazi nahi nuena adierazteko».

Idaztea, errazago

Keu Agirretxea gitarra jotzaile herrikidearekin eman zituen lehen urratsak gitarrarekin: «Hura oso gitarra jotzaile ona da, eta nik ez dut sekula maila hori izango, baina adierazi nahi dudana adierazteko ez dut birtuosismorik behar». Jaiotako lekuan jaiotakoa izanik izan zitekeen arrantzale, baina leku horretan bertan musikak ere indar handia izan du azken hamarkadetan. Mutriku alboko herrikoa zen berak hainbeste miresten duen Itoiz, esaterako. Herrikoak bertakoak ditu Piztiak taldekoak, eta Lekeitiokoak berriz Etsaiak taldekoak. Ingurukoen eraginetik adina edan du kanpokoengandik ere. Bob Dylan eta Leonard Cohen itsas-argi alboraezinak zaizkio: «Musika entzuteko orduan, denboran atzera egiten dut gehienetan, baina, gaur egungo batzuk ere gustatzen zaizkit, Ben Harper eta Antony and the Johnsons, adibidez».

Izan zitekeen arrantzale, baina ez da. Sorkuntzan du arrantzu eremua Kemen Lertxundik. Musikari izan aurretik, idazteari ekin zion, eta oraindik ere idazten du. Diskorako kantu guztiak berak idatziak dira, eta poesia ere idazten du. Oso argi dauka ez dela gauza bera poesia edo kantu bat idaztea: «Norberak automatikoki jakiten du noiz den kantu bat edo noiz den poesia bat. Kantuak bere erritmika, bere neurriak ditu... Poesiak, irakurtzeko den heinez du bere erritmoa».

Hitzak kantuak baino errazago arrantzatzen ditu: «Idaztea samurragoa egiten zait, errazago ateratzen zait. Kantuak ez daude nire esku. Etortzen bada sortuko da abestia, ez bada etortzen egon zaitezke denbora luzez kanturik gabe. Nire galdera izaten da: izango al naiz gai beste kantu bat sortzeko? Kantu bat ezin duzu behartu, poesia... ez da behartzea hitza... baina badakizu lehenago edo geroago ideiaren bat etorriko dela eta idatziko duzula».

Poema saldotxo bat idatzia dauka. Haiei irteera nola eman pentsatzen ari da: «Ez dakit noizbait libururen bat aterako den. Bitartean pentsatzen ari naiz musikaz lagunduta emanaldi batzuk egitea poema horiek jenderatzeko, besterik ez bada lagunen artean. Lagun batek esaten dit libururik ez idazteko, poesia inork ez duela irakurtzen eta musika dela bidea...». Poemak izan, musika izan, ala poema musikatuak izan, arrantzale izan zitekeen baina ez den artistak jarraituko du sorkuntzaren arrantzuan, «lasai eta helburu finkorik gabe».

Itsas argiak eta kantuak
Kemen Lertxundiri gehien eragin dioten kantari eta taldeak, haren hitzetan.

Bob Dylan. «Maisu handia. Lau akorderekin mundu oso bat. Ez du gitarra ondo jotzen, oso ahots nasala dauka... baina sekulako abestiak ditu. Oso ondo idatzitako letrak ditu, eta melodiak barreneraino sartzen zaizkizu. Niretzat, iraultza bat. Love Minus Zero / No Limit dut abesti gustukoena».

Leonard Cohen. «Hitzen maisua da. Musikari gisa oso ona da, baina bere poesia liburuek inspiratu naute, batez ere. Nire idazki asko harenetatik ekarritakoak dira. Haren poesiak modu gogor batean astintzen zaitu barrutik. If It will Your Will kantua gustatzen zait, Antony and the Johnsonsen bertsioan.

Mikel Laboa. «Euskal kantagintzaren gailurra. Laboaren kantuak oso sinpleak dira oinarrian, baina oso ondo islatzen dute letrek diotena. Gustuko kantuak, Antzinako bihotz eta Lili bat, adibidez».

Itoiz. «Gehitxo esatea da akaso, baina Euskal Herriko rock talde handiena, ziur asko. Itoizek izan zituen bi aldiak maite ditut, baina, lehen zatiaren zale naiz batez ere. Ezekielen prophezia gustuko dut, adibidez».

Anari. «Gaur egun gehien hunkitzen nauena. Oso partikularra du ahotsa. Lehen aldiz entzun nuenean pentsatu nuen 'zer da hau?', baina gero barruraino iristen zaizu. Oso barnekoa eta indar handikoa. Aingura hegodunak».