You are here: Home Artists Kemen Lertxundi Newspaper library Infraganti: Kemen Lertxundiren bigarren diskoa

Infraganti: Kemen Lertxundiren bigarren diskoa

Txikitatik, itsasora begiratu eta Saturrarango Eskilantxarri haitzarekin egin du topo. Orain ere udako goizak han ematen ditu, bakardadeaz gozatuz. Itsasoa izaten du bere barne-gomuten entzule. Lekuko isila batzuetan, bestetan, familiako arrantzaleen urtetako ibileren oihartzuna dakarte olatuek.


Iturria: Gaur8
Eguna: 2009/06/12

Xole Aramendi

2009ko Ekainaren 12a

Itsas aldera egin dugu. Nora bestela Ondarroan. Calatravaren zubia zeharkatu eta Saturrarango hondartzarako bidea hartu dugu. Kemen Lertxundi ezagunak eta lagunak agurtuz doa. Famaren zamaz galdetu eta «Ondarroan lau gara...», argitu du, ia harridura itxuraz.

«Galdutako zubixak» bere lehen liburu-diskoan badu kantu bat Eskilantxarrik. «Ondarroatik itsasora begiratzen dugunean arroka agertzen da. Txikitatik karenka daukagun zerbait da. Mila aldiz etorri gara bainua hartzera. Atzean zazpi hondartzak daude. Toki hau erreferentzia zuzena da», esan du.

Arrantzale familian jaioa da kantaria. Etxean, aurreko belaunaldiek itsasora jo zuten ogi bila, baina euren semeentzat beste zerbait nahi zuten. Gazteen artean ez da arrantzalerik.

Irakasle eta Psikopedagogia ikasketak aukeratu zituen Kemenek. Irakaslea izanik, uda garaiko atsedenaldia bertan lasai egoteko aprobetxatzen du. «Goizetan, beste guztiak lanean ari direnean, hor egoten naiz», adierazi du.

Gustukoa du gaztetxoekiko harremana. Lauzpabost urtez hainbat eskolatan aritu da musika irakasten eta aurten hezkuntza premia bereziak dituzten haurren aholkulari dabil.

Uda honetan ez du atseden handirik izango, bigarren lana baitu eskuartean. «Orain bukatu ditugu aurreko diskoko zuzeneko emanaldiak. Taldekide guztiak azterketetan daudenez, kontzertuak utzi egin ditugu. Uztailean, entseguetan hasi eta ea datorren urteari begira zerbait grabatzen hasten garen. Beste lan baterako baditugu kantuak batuta», kontatu du.

Berak idazten ditu musika zein hitzak. Entsegu-lokalera doanerako kantuak eginak ditu Kemenek. «Galdutako zubixak» laneko abestiekin ere horrelaxe, kantu sorta hartuta joan zen Ondarroako lagun batzuen entsegu-lokalera. «Ordurako, musika taldea osatuta zeukaten. Elkarrekin proba egin eta primeran moldatu gara», esan du ondarroarrak.

Poesiaren kasuan, biluzik datoz hitzak, paper zuria beste inongo euskarriren beharrik gabe. Kantuen hitzak, berriz, gitarraz sortutako melodiaren gainean jartzen ditu, dantzan.

Sormen prozesuaz hasi gara hizketan. Berak kantuen bila joan behar du, poesia datorkio. «Abesti bat egiteko gitarra hartu behar dugu, musika sortu, eta melodia barneratua dugunean hitzak landu behar ditugu. Poesia, aldiz, biluzik idazten dugu eta, era horretan indarra badu, ez du musikarik behar», azaldu du Kemenek.

«Batzuetan, musika egin eta barrura iristen zait. Edozein hitz ipinita ere ona izango dela pentsatzen dut. Beste batzuetan, hitza gehiago landu behar dugu zerbait ateratzeko», adierazi du.

Musika lagun izan du bizitza osoan. Solfeoa eta hainbat tresna jotzen ikasi zuen umetan. Herriko Udal Bandan ere ibilia da. Dylanzale eta Laboazale amorratua, idazten unibertsitate garaian hasi zen. «Jende desberdin piloa ezagutzen dugu. Badago giro bat eta hasten gara idazten eta irakurtzen. Konturatzen gara jendeak idatzi egiten duela. Ipuintxo bat, idazki bat... Ni ere motibatzen hasi nintzen. Ikaskide batek bere testu bat irakurtzeko utzi, nik nirea berari... horrelaxe hasi nintzen», kontatu du musikariak.

Herrikide asko harritu egingo ziren Kemen gitarra hartu eta kantuan ikusi dutenean. Baina gertukoenek ezagutzen zituzten etxeko gelaren isiltasunean idazten dituen letrak. Bere kabuz grabatu izan ditu inoiz, koadrilakoei eta gertukoei opari bezala emateko.

«Ez dut inoiz ezer egin irakurle posible batengan pentsatuz. Polita da gurea den zerbait idatzi eta norbait negarrez ikustea. Hori ikaragarria da! Ez dakigu zer ulertu duen, akaso ez du ulertu nik idatzi dudana, baina hori da polita, berak egoera hartan, bere momentuan, ulertu du eta bete egin du kantuak. Inoiz etorri izan zaizkit kontzertu batean `abesti hori entzun nuen momentu hartan eta sekulakoa izan zen' esanez. Agian, irratian entzun du eta zurea den zerbait bere egin du -adierazi du-. Arraroa da etxean milioi bat aldiz jo dugun abestia gero jendeari kantatzen entzutea. Zuk sormen prozesua bizi izan duzu eta pentsatzen duzu `hori nik gitarra batekin idatzi nuen' eta kuriosoa iruditzen zait oraindik».

Sentsazioa bereziagoa da lagunarterako idatzi zituela kontuan hartuta. «Erdi nahi gabe atera zen. Lehenengo kantuak erdi-koadrilan banatzeko grabatu nituen, barrurako eginak ziren. Gaztelupeko Hotsak diskoetxera joan ginen. `Zerbait prestatuko al dugu?' galdetu eta `Ez, grabatuta duzuenarekin aterako dugu' erantzun ziguten. Genuen materialarekin argi ikusi zuten liburu-CDa atera zitekeela». Ez da ohiko formatoa. Pozik dago emaitzarekin. «Agian ez dugu salduko, baina berdin zait», zehaztu du.

Jauzia eman duela sentitzen du. «Ez da berdina Ondarroan 200 maketa saltzea edo Euskal Herri osoan aritzea eta Bartzelonan jotzera iristea. Zoragarria da herri batera iritsi eta jendea gure abestiak kantatzen ikustea», esan du.

Kantu batzuk akustikoan eta besteak bertsio elektrikoan entzun daitezke. «Kantuak ona izateko jendaurrean, gitarrarekin bakarrik, indarra izan behar du. Gero ikusten dugu taldeak janztean beste dimentsio bat, beste bide batzuk hartzen dituela. Zein aukeratu? Batzuetan akustikoan ondo dago eta besteetan elektrikoan. Gitarra huts batekin indarra baldin badauka abestiak gai naiz edonora joateko», esan du musikariak.

Lehenengo diskoak badu zer emanik oraindik. «Zuzeneko saioetan abesti zaharrak eta berriak tartekatzen ditugu, berriak ez baitituzte ezagutzen».

Ez du aspirazio berezirik. «Egiten dudana editatzen badute ondo, bestela berdin jarraituko dut kantuak egiten», argitu du. Nahiago du musika bizibide ez bihurtzea. «Nonbait jotzeko aukera ematen badidate eta lan bat ateratzen laguntzen badidate, aprobetxatuko dut. Musika hobbya da, ihes egiteko bidea. Ofizioa balitz kontzertuak eman eta diskoak ateratzera behartuta egongo nintzateke. Baina nik oso astiro konposatzen dut, ezingo nuke», aitortu du.

Etxean, gitarra eskuan, bizitzen duen sentsazioarekin geratzen da, nahiz eta zuzeneko baten osteko hustuketa sekulakoa dela dioen. «Ikaragarria da. Hori bizi beharrekoa da», esan du.