Gitarra bat hauspo
Urtebete atzerago Besamotzekin talderatu ondorenean, zuzenekoetatik diskorako bidea jarri eta egin du Joseba Tapiak bandaren izen berbera daraman lanean. Azken mendean sortu dituen ehun kantu baino gehiagoren artean hautatutako abesti sorta da euskarri berriaren muina, taldekideekin egindako moldaketetatik eratorria. Trikitiaren berrinterpretazio jokoan, gitarra elektrikoarekin jolasean jarraitzen du sortzaile lasartearrak.
Iturria: | Gara |
Eguna: | 2017/11/09 |
|USURBIL
Gitarra anplifikadoreetara lotu eta mugikorrean gordea duen kantu zerrendan hautatzen hasi da. Abesti pare bat joko ditu diskoaren aperitifa eskaintzearren. Taldekide bat ikusleen artean du –Iker Uriarte (bateria)– baina beste biek ezin izan dute aurkezpenean egon, distantzia kontuengatik –Iñigo Telletxea (baxua) eta Dani Narbarte (eskusoinua)–. Hasi da kantuan. Hasi da gitarra astintzen. Edo, hobe, sokak hauspotzen, trikitiarenak behar luketen joko kiribiltsuak korden artean hatz abilekin arintzen baititu Joseba Tapiak.
Ia hogei urte atzera eginez gero, bere lehenengo bakarkako lanaren irteera puntuan dago “Apoaren edertasuna”, Gaztelupeko Hotsekin kaleratutakoa. Gerora, oraindik bakartuago ekoitzi zituen Tapiak “Québec. Hamar kantu independentziarako” (1999), “Agur Intxorta maite” (2001), “Real politik” (2006), “Eta tira eta tunba” (2010) eta “Tximela kapitainaren izarrak” (2013).
Zuzenekoen erakarpenak eramanda, jolasteko grinari segika, orain urtebete Besamotzak talde proiektua abiatu zuen. Gitarra elektrikoari heldu eta bakarkako diskoetako hainbat kantu ahaire berriz jantzi zituen goiko lerroetan aipatutako musikariekin batera. Zuzenekoetarako sortutako asmo hura, baina, disko formaraino garatu du orain, taldearekin egindako moldaketekin. Eta Gaztelupeko Hotsekin lankidetzara itzuli da berriro –«oso zaila da bakarrik lan egitea eta ate zabalik hartu ninduten»–.
Azken bi hamarkadatan sortutako ehundik gora kantuen arteko hautapen bat da “Besamotzak”, hamaika pistatako proposamen eraberritua. Ia bere lan guztietako aleak badaude ere, erdia baino gehiago “Real politik” diskokoak dira.
Tapiaren musika da aldaketarik jasan ez duen aldagai bakarra; «egunaren ordu guztietan agertzen zait musika belarrietara. Erritmoa goiz-goizetik sartzen zait gorputzean eta uhin elektrikoak gora eta behera ibiltzen dira nire zainetan. Plazer bat da».
Diskoaren helburuak norbanakoaren plazeraren mugak zeharkatzen dituela nabarmendu zuen, ordea, eta bere buruarekiko zorroztasuna agerian uzten du. «Ez ditut diskoak argitaratzen nola disfrutatzen dudan erakusteko. Nire konposizioekin ze ondo pasatzen dudan adierazteko ez ditut kantuak egiten. Nire buruarekin ze plazer sentitzen dudan esateko beharrik ez dut sentitzen. Nolako masturbazioa, nire ahotsa entzuten dudanean, nolako garrasiak eta intziriak ateratzen dizkiodan nire buruari. Musika ogibide dugunoi zerbait gehiago exijitu behar zaigu».
Umorea eta gai politikoak, esaterako, usu erabili izan dituen baliabideak dira –«ez al da musika jardun politiko bat?»–. Bogan dagoen sofistikaziotik urrun, herrikoitasunari eutsi eta disko bizi, dantzagarri eta ezberdina egin du.
Kezka nagusi baten habian osatutako diskoa ere bada Joseba Tapiaren azkena, bere musika jendearenganaino iristen ote den kezka. «Leku berean jartzen gaituzte musikari guztiak eta lehia ikaragarria dago. Gerta liteke txarrak direlako ez entzutea, baina sentsazioa da entzun ere ez direla egiten. Hortik dator ahalegin hau, hautaketa bat egin eta kantuei bizi berri bat ematekoa».
Gitarra elektrikoa hauspotzeko asmoarekin trikiti doinuak eraldatu bai, baina bere esentziari eusten dio Joseba Tapiak molde berri horretan. «Ordu asko eman ditut gitarra lantzen, baina nolako gozamena gasolio usaina badatorrela aditutakoan!». Erregaiaren gaineko lehen su arrastoak datorren igandean piztuko ditu Tapiak, arratsaldeko zazpietan, Usurbilgo Sutegi auditoriumean.