Mikel Lizarralde
Zinemari maitasun gutun bat idatzi nahi izan dio Gonzalo Tejadak (Donostia, 1960) Norma Jeane Baker (Errabal) diskoarekin. Zinemari, zinema klasikoari zehatzago esanda, eta partikularki zinema horren ikono handiena izan daitekeenari, Marilyn Monroeri. Behin, There's No Business Like Show Business
film musikala ikusten ari zela jakin zuen kontrabaxu jotzaileak bere hurrengo diskoa hari eskainiko ziola: «Bat-batekoa izan zen, baina garbi ikusi nuen. Marilyni eta film haietako musikei omenaldia egingo nien».
Omenaldiak, baina, bestelako bide bat hartu du denborarekin, eta, azkenean, Monroeren biografia sentimentala bihurtu da, «gure biografia ere badena». Eta horrek oso disko berezia egiten du, musikariaren iritziz: «Musikan 30 urtean aritu eta hainbat disko grabatu ondoren, hau da nire lanik pertsonalena, nahiz eta diskoko zortzi piezetatik bi baino ez diren nireak». Bi konposizio horiek
Marilynrhythm eta
Norma Jeane Baker
dira. «Lehenak jazz forma tipiko bat darabil, eta Marilynen azkeneko urteetako mundu eroa islatzen du: drogak, sexu konpultsiboa... Bigarrena, berriz, oso pieza soila da, eta free-jazz ukitu batekin amaitzen da. Heriotzarekin».
Aktorearekin nolabaiteko lotura duten beste sei piezak osatzen dute albuma:
Diamonds are a Girl's Best Friend, A Fine Romance, Kiss, My Heart Belongs to Daddy, After You Get What You Want eta
I'm Through With Love / And I'm Dancing Alone. Batzuk Monroek berak abestu zituen, eta beste batzuk aktoreak parte hartu zuen filmetako kantuak ziren. Tejadak, ordea, ahotsik gabeko diskoa grabatu du: «Hasieratik jakin nuen ez nuela nahi Marilynen ahots imitaezina kopiatzen saiatuko zen ahots bat». Mikel Andueza (saxoak, klarinetea), Roger Mas (pianoa) eta Iago Fernandez (bateria) izan ditu lagun bidaia sentimental honetan, eta EOSeko hari atalak diskoko lau piezatan hartu du parte.
Gonzalo Tejadaren laugarren diskoa da Norma Jeane Baker.
J.C. RUIZ / ARGAZKI PRESS