You are here: Home Artists FLAKUTT Newspaper library Benetan mereziko duen ikusi, entzun eta hunkitzeko ikuskizuna

Benetan mereziko duen ikusi, entzun eta hunkitzeko ikuskizuna

FLAKUTT TALDEAREN HISTORIA Flakutten sorburua ezagutzeko, 1990era jo beharko genuke, Uharten txalaparta tailerra sortu zelarik, hain zuzen ere (UTT, Uharteko Txalaparta Tailerra). Uharteko ekitaldi kulturaletan beti esku hartuz, 1995. urtean tailerra herritik atera genuen bide berriak ezagutzeko eta beste toki batzuetako txalapartariekin ideiak eta musika elkar trukatu eta elkarrengandik ikasteko.


Iturria: Nabarra aldizkaria
Eguna: 2009/11/15

Tailer honetako dinamizatzaileon arte-irrikari eta giza-grinari esker UTT-ren txalaparta garatuz joan zen, hainbat musikariren laguntzarekin, baita beste arlo artistiko batzuekin batera ere, hala nola, dantzarekin, eskulturarekin, antzerkiarekin, performance bideekin,…Gu igeltsero bat, hargin bat, teknologia-irakasle bat eta pintzel finetako margolaria den okin bat ginen (eta gara), baina aintzineko musika tresna hau oso gustukoa eta oso maitea genuenez, horrek ekarri zuen txalapartari talde sendoa bihurtzea, gure artean topaketa luze bezain emankorrak eduki ondoren. Talde sendoa izatea ezezik, gure sentsibilitate ezberdinak komunikatzeko tokia ere bilakatu zen, bai eta musikaren bitartez sormena garatzeko gunea ere.

Geroago, 2007an, gure aldetik beti esperimentatzeko gogo bizi hura izanik, prentsa-argazkilaria eta ikusentzunezkoen sortzailea den Lander (Electroflak) topatu genuen gure ibilbidean. Musika elektronikoa txalapartarekin uztartzeko aukerak liluratu gintuen eta Landerrekin batera Flakutt taldea sortu genuen. Elkarrekin hainbat kontzertu eman genituen Euskal Herrian, baita iberiar penintsulara zabaldu ere. Zabaltze joerari jarraiki, urtebete geroago, Maitane, trapezista eta dantzaria dena, taldean sartu zen musikari hitza eta ahotsa jarriz. Gaur egun, Flakutt taldeak, guk geuk sortutako lau pieza ditu, urte oso batez ondutakoak eta ondoren diska batean grabatutakoak izan direnak. Flakutten lehenengoa den diska hau aurtengo abenduan Durangoko Azokan argitaratuko da, Gaztelupeko Hotsak disketxearen eskutik. Hemendik aurrera, taldearen asmoa guztiok metatutako esperientzian oinarriturik, bakoitzaren gaitasun ezberdin horiek fusionatzeko lanarekin segitzea da, “denetarik” gerta litekeen kontzertu-ikuskizuna sortzeko intentzioarekin. Benetan mereziko duen ikusi, entzun eta hunkitzeko ikuskizuna, alegia.

Nabarra aldizkaria-k idatzia