Blues maila handia bai, baina erakusteko ausardia falta da
Bluesaren eta rock-and-roll klasikoaren arteko mugan mugitzen da Dixie Town Galiziako taldea. 'Same Old Story' azken disko laudatua aurkeztuko du gaur, Zizurkilen
Iturria: | Berria |
Eguna: | 2016/02/13 |
Aurrena, blues elektriko eta gihartsua
eginez aurkitu zuen Dixie Town Galiziako hirukoteak bere lekua musika
beltzean. Denborarekin, ordea, ikusmira zabaldu, eta beste ahaire batzuk
sartu dira Pepe Ferrandezek (ahotsa eta gitarra) gidatzen duen taldean
—gospela, soula, rock-and-rolla—, eta, laugarren kidea gehituta, bere
ibilbideko lanik ireki eta biribilena osatu du: Same Old Story
(Gaztelupeko Hotsak). Gaur, 14. Blues Gauan parte hartuko du Zizurkilen
(Gipuzkoa), Txus Blues & Jose Bluesfinger eta Julian Maeso Blues
Triorekin.
Beti bluesaren inguruan ibili zarete?
Bai.
Nik gogoratzen ditudan lehen kaseteak bilduma batekoak dira, Chess
Recordsekoak. Anaia zaharren bitartez ezagutu nuen bluesa, eta hori
entzuten nuen gaztetxotan. Beste kontu bat da musika jotzen hasi
ginenean horretara hurbiltzen ginen! [barrez]. Baina saiatu, beti saiatu
izan gara.
Taldearen oinarrian blues elektrikoa dago, baina azkeneko disko honetan sumatzen zaizue begirada ireki bat.
Uste
dut oinarrian badagoela 1970eko hamarkadako power trio-en eragina,
nahiz eta gero beste estilo batzuetara ere jo. Ten Years After, ZZ Top,
Johnny Winter... Taldearen izena bera ere hortik dator. Asko gustatzen
zaigu T-Bone Walkerren disko bat, Funky Town, eta, hasiera
hartan asko entzuten genuenez AEBetako hegoaldeko bluesa, erabaki genuen
hegoalde harekin lotuko gintuen adjektibo bat behar genuela. Eta hortik
dator Dixie, Dixielanden hegoaldeko estatuak biltzen dituelako. Hortik
gatoz...
Eta nora zoazte?
Bluesaz gain,
70eko hamarkadako rock asko entzun dugu, baita soul ugari ere. Eta Cat
Stevens, Jim Croce, hasierako Rod Stewart eta Joe Cocker, Van
Morrison... Beti egin izan ditugu kantuak bide horretan, nahiz eta orain
arte diskoetan ez diren azaldu. Baina Same Old Story-n eskua
ireki dugu, eta utzi diegu sartzen beti gustatu izan zaizkigun estilo
horiei, nahiz eta bluesa ere hor dagoen, zalantzarik gabe.
Oso
talde klasikoa izan ostean (gitarra, baxua eta bateria), laukote
bihurtu da taldea, Isaac Campos teklatu jotzailea batzean. Horrek nola
eragin du zuen soinuan?
Burned Alive zuzeneko
diskoa grabatu genuen 2014an, ordura arteko bidean nolabaiteko gailur
gisa uler daitekeena. Hainbat kolaboratzaile izan genituen, horien
artean Isaac Campos, eta ikusi genuen hark parte hartzen zuen kantuek
etorkizuneko sonoritate bat ematen zigutela. Ordura arte gitarrak bete
behar zituen espazio harmoniko guztiak. Eta badago beste arrazoi bat
ere: bi orduko kontzertu batean raka-raka aritzea oso nekagarria da! Eta
behar izaten dira une lasaiago batzuk ere...
Publiko berriak bilatzeko modu bat ere bada?
Garbi
dago power trio formatuak mugak dituela. Publiko jakin bat. Eta soinu
atseginago batekin, jende gehiagorengana irits zaitezke. Gainera, disko
honekin inoizko kritika onenak izan ditugu, eta kritikari ospetsu
batzuek gu lotsagorritzeko moduko gauzak esan dituzte.
Diskoa Hendrik Roeverrek ekoitzi du, bluesaren eremuan Espainian aitzindaria denak.
Gu
nerabe ginenean, Los Del-Tonosen oso zaleak ginen, eta Hendrik oso
gitarrista ona iruditu zaigu beti. Gainera, azkeneko 10-12 urteetan ondo
ezagutu dugu. Dena dela, orain arte nolabaiteko beldurra ematen zigun
harekin lan egiteak, oso gertuko pertsona genuelako. Orain, ordea,
txorakeria horiek alde batera utzi, eta harengana jo dugu. Uste dut hura
oso bolada onean dagoela ekoizle gisa, eta gu ere gure onenean gaudela.
Estudiora kantuak ondo landuak eramaten dituzue, edo nahiago duzue askatasun pixka bat izan estudioan bertan moldatzeko?
Ekoizle
bat aukeratzean, harengan konfiantza izan behar da. Guretzat oso
inportantea da kanpoko batek izan dezakeen begirada. Gure arazoa da
taldekide bakoitza hiri batean bizi dela eta ezin dugula apenas
entseatu. Estudiora sartu baino lehen, entsegu pare bat genituen eginak,
eta, ondorioz, estudioan, konponketen aldetik moldatu genituen kantuak.
Haize atalak, koruak gehitu genizkien... Orain arte ez ginen horretara
animatzen, pentsatzen genuelako ezinezkoa izango zitzaigula zuzenean
erreproduzitzea. Orain ez gara horretaz kezkatu.
B.B.
King, Percy Sledge, Ben E. King, Joe Cocker, Johnny Winter, Ian
McLagan... Azken bi urteetan joan direnei eskaini diezue diskoa.
Amaitzen ari da belaunaldi bat?
Bai, bai. Gaur egun,
talentu handiko jendea dago, baina oso zaila da, industriagatik batik
bat, horiek belaunaldi berri bat gidatzea. Beldur handia dago, eta,
ondorioz, ez dago izar berririk bluesaren mundu honetan. Buddy Guy
gelditzen zaigu, baina ez da blues mundutik kanpo ezaguna egin den
musikari bat. Buddy Guy hiltzen denean, ez da geldituko benetako
kartelburu bat blues jaialdietarako.
Horrek ez du zerikusirik kalitatearekin.
Ez, maila oso handia da, baina erakusteko eta zabaltzeko ausardia falta da.
Gaztelupeko Hotsak-ekin kaleratu duzue diskoa. Nola iritsi zarete haiengana?
Orain dela urte batzuk ezagutu genuen haien gertuko bat, eta harremanetan hasi ginen. Eta oso eskertuta gaude. Burned Alive
zuzeneko diskoa ateratzeko ausardia izan zuten; gainera, oso kalitate
handiko biniloan, eta oraingoan nolabaiteko koprodukzio bat egin dugu.
Oso zigilu gomendagarria da blueszaleontzat.
Badago zirkuiturik bluesarentzat?
Orain
dela hiru urte baikorragoa nintzen orain baino. Oraindik ere oso zaila
da zirkuitu bat aurkitzea, eta, gainera, eskatzen zaigu kanpoko taldeak
baino askoz ortodoxoagoak izatea. Ni blues zaharraren mireslea naiz,
Lomax anaien bildumena, 60ko hamarkadakoarena, baina iruditzen zait ezin
garela bakarrik horri begira egon. Bluesak zerbait bizi izan behar du.
Eta Espainian taliban asko dago.