Mungiako Lamiña estudioetan grabatu dute
Elgoibartarrek Mungiako Lamiña estudioetan grabatu dute beren hirugarren lana: Mundurako ateak (Gaztelupeko Hotsak). Abuztuaren 8an ekin zioten grabaketa lanari eta guztira hogeita hiru egun eman dituzte Mungian. Disko berria Natxo Libertyk grabatu eta ekoiztu du eta urriaren erdialdean argitaratuko da Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen eskutik. Arima Beltza Blues sustraia bere aurreko lanean egin zuen bezala rockerantz jo du oraingoan ere. Eta bluesa albo batera uzten ez badute ere, riff indartsuek osatzen dute cd berria. Horren lekuko da lan berriaren hasiera rockeroa, lehen hiru kantek 70eko hamarkadako rock usaina baitute. Hala ere, bada kanta intimo eta lasairik ere, Joan da eta Non zaude?, adibidez.