You are here: Home Artists Arima Beltza Newspaper library Blues arima, rocka zainetan

Blues arima, rocka zainetan


Arima Beltza blues&rock euskaldunaren ordezkari sendoena dugu. 1997an Elgoibarren sortutako taldeak bere hirugarren erreferentzia kaleratu zuen orain dela hilabete gutxi batzuk. Mundurako Ateak izenburupean, inoizko kantu sorta rockeroena argitaratu dute. Disko berria aitzaki hartuta, taldearekin harremanetan jarri ginen; hona hemen Gurru abeslariak posta bidez eginiko elkarrizketan kontatu ziguna.

Azpimarratzeko modukoa da Natxo Liberty ekoizlearekin lortu duzuen soinu garbi eta indartsua. Zer nolakoa izan da harremana? Asebeteta gelditu zarete azken emaitzarekin?

Egia esan oso gustura gelditu gara emaitzarekin. Natxo Liberty-rekin ekainean hasi ginen lanean, bizpahiru aldiz bisitatu gintuen lokalean eta estudioan sartu aurretik aldaketatxo batzuk egin genituen abestietan. Disko honetara arte ez dugu hain presente izan ekoizlearen kontzeptua. Eta oso garrantzitsua da. Lamiña estudioetan sartzeak bazuen arrisku puntu bat, izan ere, Natxok ordura arte ez zuen rock edo blues talderik grabatu (2 urte besterik ez ditu estudioak) baina bertan grabatutako lanek konbentzitu egin gintuzten. Eta bete-betean asmatu genuen. Emaitzarekin oso gustura gaude.

2000.urtean kaleratutako Arima Beltza EP hartatik, egungo Mundurako ateak diskora, taldearen doinuek jasan duten bilakaera nabarmena izan da; rock kutsua gero eta handiagoa delarik. Nola ikusten duzue taldearen barnetik aipatu eboluzioa?

Nik uste eboluzio naturala izan dela. Aitor eta biok taldea sortu genuenean garbi genuen blues talde bat osatu nahi genuela. Baina gurekin elkartu ziren musikariak ez zetozen blues estilotik, heavy eta rocketik baizik. Beraz, lehen disko hura blueseroa irten bazen ere, denborarekin rockerantz jo dugu. Halere, nik adibidez beti entzun izan ditut 60ko eta 70eko rock taldeak (Led Zeppelin, Deep Purple, Bad Company, Lynyrd Skynyrd...). Beraz, eboluzioaren arrazoia ez da taldekideen eragina bakarrik izan. Dena dela, uste dut beti blues talde zurien bidea jarraitu dugula, alegia, blues&rockaren bidea. Gaur egun rock eta hard rock estiloak uztartzen ditugu bluesarekin. Eta oso gustura gaude lortu dugun nahasketa indartsu horrekin.

Hirugarren lan bat kalean eta kilometro dezente errepidean, Arima Beltza Mundurako ateak parez pare zabalik dituen taldea dela esan dezakegu? Bere bidea aurkitu duen talde heldua da jada?

Nik uste dut gure soinua eta estiloa lortu dugula. Blues sustraia-rekin ez ginen guztiz asetu, azken disko honek duen indarra eta ekoizpena bota genituen faltan bigarren lanean. Horrez gain, kantak borobilagoak direla uste dugu, leloak garbiagoak dira, riffak zehatzagoak eta indartsuagoak...

Hasiera hasieratik blues-rocka lantzea izan zenuten helburu. Are gehiago, euskaraz mintzatuko ziren blues doinuak. Betidanik argi izan duzuen erabakia izan da?

Bai, bagenekien oso arraroa egingo zitzaiola jendeari bluesa euskaraz entzutea. Aurrekariak bazeuden Euskal Herrian, Lau Behi eta Niko Etxart-en Hapa-Hapa kasu, baina halere jendearen belarriak ohituraz ingelesa eskatzen zuen estilo hau entzutean. Gure ama hizkuntza euskara izanik hori izan zen gure hautua eta uste dut blues&rock sinesgarria egitea lortu dugula urte hauetan guztietan. Are gehiago, orain egungo gazteei ez dut uste hain arraroa egingo zaienik.

Orain dela ez asko, Trini gitarra jotzaileak talde utzi eta Patxi sartu zen bere ordez. Halaber, Elur bateria jotzaile gaztea ere taldeko partaide izatera pasa da. Zer suposatu dute aldaketa hauek taldearen barnean?

Blues Sustraia argitaratu genuenean emanaldietan nik bateria utzi eta abeslari lanetan zentratzea erabaki genuen. Ni bateria eta ahotsean izatea berezitasun bat zen taldearentzat, ezohikoa baita bateria izatea ahots nagusia. Bestalde, zuzenekoa hotz samar geratzen zen gure gusturako. Horrela sartu zen Elur baterian, oso gaztea izan arren ongi egokitu zen estilora eta formula berriarekin emanaldiek asko irabazi zuten. Trinik, aldiz, joan zen maiatzean erabaki zuen taldea uztea. Bere ordez beste herrikide eta lagun zahar bat sartu zen, Patxi. Batez ere heavy taldeetan ibilitakoa da bera, baina Beatles edo Rolling Stones-en kantak edozein momentutan jotzera eta abestera animatzen den horietakoa, oso gitarra jotzaile bersatila. Karisma handikoa da gainera eta zuzenekoei beste freskotasun bat eman die.

Atentzioa eman digu bereziki Bizitzaren trapezista kantuak. Disko berriko abestien artean beharbada hard-heavyaren esparruan gehien barneratzen den kantua. Zer konta diezagukezue abesti honen musika eta hitzen gainean?

Bai, diskoko kantarik heavy-ena da dudarik gabe. Kantua Trinik lokalean jo zuen riff batetik sortu zen, taldekideoi gustatu eta kanta osatzen hasi ginen. Abesti honetan, adibidez, kantatzeko melodia aldatu egin genuen estudioan bertan. Ordurako estiloa entzunegia zegoela-eta beste joera bat eman nahi izan genion eta egia esan estrofa oso AOR estilokoa gelditu zitzaigun. Hitzak Elur-ek idatzi zituen, bizitzaren oreka bilatzearen inguruko kanta da, beti aurrera egiteko animatzen duen kanta.

Jakin badakigu, hamaika blues-rock eraginen artean heavy metalarentzat ere tartetxo bat badagoela. Zein talde dituzue gustuko?

Musika estilo asko entzuten ditugu, rock klasikoa, jazz-a, funky-a, fusioa... baina baita heavya ere. Batez ere Iñigo eta Patxik. Aitor da heavy gutxien entzuten duena, ia ezer ez. Iron Maiden da ziurrenik amankomunean dugun heavy talde gustukoa. Judas Priest, Manowar, Nevermore eta Iced Earth bezalako taldeak oso gustuko dituzte Iñigok eta Patxik. Nik agian nahiago ditut Black Sabbath eta Dio bezalako klasikoak, azkenaldian Jeff Scott Soto kantariak harritu nau.

Eta Euskal Herri mailan? Jarraitu izan duzue inoiz metal talderik?

Nik uste gehienok Su Ta Gar jarraitzaileak izan garela.

Euskal Herrian blues-rocka ez da oihartzun handia duen korrontea. Aitzitik, gazteriaren artean punk-rocka eta heavy metala izan ohi dira estilo jarraituenak. Edozelan ere, ze publiko mota hurbiltzen da zuen emanaldietara?

Bai, egia da. Behin Dio-ren kontzertu batean ea hurrengo lana noiz argitaratuko genuen galdetu zigun zale batek. Disko berri honekin gazte jende gehiago hurbiltzen dela uste dut, lehen agian 30 urte inguru izaten zuen gure kontzertuetara hurbiltzen zenak. Askoz nagusiagoak ere ikusi izan ditut, rockero zaharrak. Normala da, lehen rock&blues afizio gehiago zegoen. Dena den, oso gaztetxoak ere ikusi izan ditugu kontzertuetan, kantak ondo jakinda gainera. Beraz, nik uste dut gure publikoa oso oso zabala dela.

Demagun une batez hainbeste miresten dituzuen bluesmen batekin abesteko aukera helarazten zaizuela. Zein ahots hilezkor aukeratuko luke Arima Beltzak beraien abestietako batean parte har zezan?

Niri beti Sonny Boy Williamson gustatu izan zait, bai harmonika jole eta bai abeslari bezala. Rory Gallagher handia ere gure kanta batean entzutea izugarria izango zen. Zoritxarrez aspaldi hil ziren biak. Gaur egun Gov?t Mule taldea dugu oso gustuko, Warren Haynes-en ahotsa sakona eta feeling handikoa da. Larry McCray gitarjolea ere asko gustatzen zaigu, duela urte batzuk Bilbon berarekin jotzeko aukera izan genuen eta ilusio handia egingo zigun gure lan batean parte hartzeak.

Baliteke gure irakurleen artean Arima Beltza taldearen doinuak ezagutzeko beta izan ez duenik egotea. Nola salduko zeniokete zuen burua horrelako pertsona bati? Zer eskaintzen du Arima Beltzak taula gainean?

Taula gainean energia handia dugu, zuzeneko indartsua dugula uste dut. Horrez gain, rock, hard rock eta blues uztartze berezi bat entzuteko aukera izango lukeela esango nioke. Gainera, bertsioak egitea asko gustatzen zaigunez aspaldiko partez talde mitiko bat edo besteren moldaketak zuzenean entzuteko aukera izango luke. Ez da plan txarra, ez?

Nola aurkezten zaizue 2006.urtea kontzertuei begira? Lan berria Euskal Herritik kanpo aurkezteko parada izango duzue?

Otsailean Zizurkil-eko Blues Jaialdian parte hartuko dugu Red House eta beste hainbat talderekin. Eta matxoan Kafe Antzokietan jotzen hasiko gara. Keu gitarjole ondarrutarraren azken diskoan bateria gisa aritu naiz eta beraz Kafe Antzokiak eta beste zenbait kontzertu elkarrekin egingo ditugu. Kanpoan datarik zehaztu ez badugu ere, momentuz asmoa Madrilen pare bat kontzertu eskaintzea da.

Arima Beltzaren hurrengo kontzertuen berri jakiteko edo taldearen gaineko informazio gehiagorako: www.arimabeltza.com

Unai Santos Amarika (06/02/29)