ARIMA BELTZA garapen naturala
Mundurako Ateak. Horixe da Arima Beltzak argitaratu berri duen lanaren izena. Elgoibarko seikotearen hirugarren diskoa da. Osagaiak, betikoak: duintasuna, hard-rocka, Jon Gurrutxagaren ahotsa eta arima ere; benetako arima. Bluesa ere bai, noski, “maite” dutelako.
Black Soul
Mungiako Lamiña estudioetan grabatu dute. Oso gustura daude lortutako soinuarekin. Arrazoia dute: indartsua da. Aurreko diskoaren antza du, baina beharrezkoa den garapen naturalaren ondorioz, beste ukitu bat du. Indartsuagoa da. Horretaz guztiaz mintzatu gara Elgoibarren bertan, Jon Gurrutxaga abeslariarekin eta Patxi Zabaleta, gitarra-jole berriarekin.
Gogorra baina polita. Horrelaxe definitu du Gurrutxagak grabaketa sasoia. Patxi Zabaletaren esanetan, gustura egiten den gauza bat da. Nahiz eta, kasu honetan bezala, abuztuan egin. Zabaleta pasa den maiatzean hasi zen Arima Beltzarekin jotzen. Ideiak argi zituztela ekin zioten grabaketari. Aurrekontu nahiko urria izaten dugu Euskal Herrian. Horregatik, ideiak argi edukitzea komeni da, dio Gurrutxagak. Natxo Libertyrekin, ekoizlearekin, oso ondo konpondu direla aitortzen dute nola Gurrutxagak hala Zabaletak: Asko lagundu digu, egia esan. Gainera aberasgarria izan da guretzeko beraren gisako profesional batekin lan egitea.
Eta Blues Sustraia lanarekin alderatuz gero, disko biribilagoa osatu dute. Hori da Gurrutxagaren ustea. Leloak potentegoak dira, abestiak zuzenak, ez dira ez laburrak ez motzak.... Zabaletak, berriz, diskoaren soinua nabarmendu du: Musika baino, soinua aldatu da, nire ustez. Disko indartsuagoa da. Horixe zen gure helburua, esan du Gurrutxagak. Beharbada, aurrekoak kolore gehiago zuen. “Bai, baina guk bilatu dugu. Indarra nahi genuen eta indartsua atera da. Hard Rock asko sartu dugu eta hor dago emaitza”, aitzakiarik gabe mintzo da abeslaria. Bluesak, guztiz alderatu ez badute ere, aurreko bi diskoetan baino pisu gutxiago du. Gurrutxagaren hitzetan “ez dago hori ukatzerik”. Zabaletak hartu du hitza: Nire ustez ez dugu bluesa alderatu. Abestiak horrela atera dira, hard rock estiloan, potentegoak eta.... Taldeak aurreneko maketatik bizi izan duen garapena aipatu du Gurrutxagak: Rock joera nabariagoa da diskoak egin ahala. Guk blues asko entzuten dugu baina hard rock asko ere bai. Halere, ez da bilatutako gauza bat izan. Abeslariaren iritziz, aldaketa berezkoa izan da: Beharbada, hasierako diskoko blues joera bilatutakoa zen. Taldeko batzuek hori genuen barruan. Abestiak fitxatzen joan ginen... Baina beste taldekideek rockarekin kutsatu gintuzten eta hor dago emaitza. Garapen naturala eduki du Arima Beltzak.
Entzuleri berria
Baina Arima Beltzak ez du bere arima blueszalea, beltza, bidean galdu; inondik ere. Horren berri ematen duten bizpahiru abesti ditu disko berriak. Anaia Zaharra funky-bluesa eta Uso Txuria rock-blueseroa dira horren adibide garbiena. Azkena ere ederra da. AEBetako hegoaldeko rockaren ukitua du, zalantzarik gabe, Non Zaude abestiak. “Grabatzen ari ginenean ere, “sureñoa” esaten genuen abesti horretaz hitz egiterakoan”, gogoratu du Gurrutxagak. Baina Arima Beltzaren lan berriko gainontzeko abestiak ere interesgarriak dira benetan. Entzun ahala, gehiago dastatzen diren horietakoak. Disko berriarekin entzule gehiago izan ditzaketela uste dute Zabaletak eta Gurrutxagak. “Abestiak zuzenagoak dira eta estribilloak erraz sartzen dira”. Halere, argi utzi nahi du Gurrutxagak: “Guk ez dugu hori bilatu, baina abestiak horrela irten dira”. Zabaletak, berriz, “soinua” nabarmendu du berriro ere. Arima Beltzak bere tokitxoa du jada euskal musikan. Propioa, bakarra, izan ere, nekez topatuko ditugu bluesa eta euskara uztartzen dituzten taldeak. Gurrutxagaren iritziz, horrek beren alde jokatu du tokitxo hori egiterako orduan.
Eta euskal musika, hain zuzen, izan dugu hizpide solasaldia amaitzeko. Zabaletarentzat, euskal entzuleria, irizpide aldetik, “mugatua” da: Dirudienez, lelo batzuk errepikatu behar dira arrakasta edukitzeko, musikari berari begiratu gabe. Kontzertu bat ezin da manifestazio bat bilakatu. Hari horri tira egin dio Gurrutxagak ere: Tristea da egoera. Dirudienez, leloek baldintzatuta egiten dute musika batzuk. Eta ez baduzu ezer aldarrikatzen, gainera, ergela zarela ematen du. Bada, ez. Guk ere aldarrikatu izan ditugu gauzak, badakigu zein den egoera, baina musika egiten dugu. Zabaletak bota du ondoren: Hemengo musikak euskal arima du. Zerbait entzun eta hemengoa dela nabaritzen duzu, zoritxarrez. Halere, eta teknologiari esker, gauzak aldatzen ari direla uste dute biek. “Egiten den horretan baino, produktuen onarpenean dago euskal entzuleriaren akatsa”, Gurrutxagaren ustea. Eurek, berriz, hasi zirenetik zortzi urte igaro arren, bide beretik jarraitzen dute. Euren garapen propioa, “naturala”, onartuz. Modu duinean. Duintasuna behar baita arima beltza edukitzeko.
2005, URRIA – AZAROA