Aldapeko Basque Latin Jazz Imanol Iribarren pianista eta
tronboi jotzailearen proiektu pertsonal gisa jaio zen duela bi
urte Rotterdam hirian (Herbehereak). Bertan zegoela, andoaindarrak
talde bat sortu zuen, eta talde horretako musikari horiekin,
hain zuzen, eta gerora batu diren beste batzuekin kaleratu du Iri barrenetik (Errabal)
izeneko diskoa. Iribarrenekin batera, Patricia Mancheño (baxu
elektrikoa), Manu Pinzon (bateria), Eva Catala (kongak eta
perkusioak), Peio Irigoien (txistua, dultzaina eta tronpeta),
Asier Ardaiz (tronpeta), Alvaro Jarauta (tronboia) eta Iñigo
Corao (tronboia) musikariek hartu dute parte lan berrian.
Zortzikoteak euskal doinu herrikoiak erritmo latinoekin nahastu
ditu. Hala, rumba, txa-txa-txa eta jazz estiloak entzun
daitezke taldearen lehen lan honetan. Iribarrenek azaldu duenez,
diskoak biltzen dituen sei piezak euskal kantu tradizionalak
dira, eta Euskal Herriko edonork identifika ditzake, berezko
soinuak mantendu egiten baitira. Euskal musikaz ezer ez dakiten
beste batzuek, Herbehereetako, Madrilgo edo Valentziako jendeak,
esaterako, erritmoak atseginak, alaiak eta erakargarriak direla
esan digute.
Diskoa Donostiako Elkar estudioan grabatu zuten otsailaren 14
eta 15ean, Victor Sanchez teknikariaren laguntzarekin.
Iribarrenek aitortu duenez, intentsitate handiko bi egun izan
ziren, “goizean goiz hasi eta nekatu arte aritu ginen bertan”.
Grabatzerako orduan, sei kantak jarraian jo zituzten, modu
tradizionalean eta naturaltasun hori nabaritzen dela dio
musikariak.