You are here: Home Artists Aldapeko Basque Latin Jazz Newspaper Library Aldapeko Basque Latin Jazz musika taldeak disko berria plazaratu du, 'Iri Barrenetik'

Aldapeko Basque Latin Jazz musika taldeak disko berria plazaratu du, 'Iri Barrenetik'

Imanol Iribarrenek gidatzen duen zortzikoteak euskal doinu herrikoiak erritmo latinoekin uztartu ditu


Iturria: El Correo
Eguna: 2021/06/27

UNAI SARRIUGARTE

Aldapeko Basque Latin Jazz musika taldeak disko berria plazaratu du, 'Iri Barrenetik'. Imanol Iribarrenek gidatzen duen zortzikoteak euskal doinu herrikoiak erritmo latinoekin uztartu ditu. Hortaz, rumba, txa-txa-txa eta jazz estiloak entzun daitezke taldearen lehendabiziko egitasmo musikal honetan. Diskoa Donostiako Elkar estudioan grabatu zuten pasa den otsailaren 14 eta 15ean, Victor Sanchez teknikariaren laguntzarekin.

Aldapeko Basque Latin Jazz Iribarren pianista eta tronboi jotzailearen proiektu pertsonal batetatik lehorreratu zen. Taldea Rotterdam hirian jaio zen duela bi urte eskas. Hala, musikagile gipuzkoarrak neska-mutil ezberdinek osatutako talde oparoa du bidelagun, hala nola, Patricia Mancheño (baxu elektrikoa), Manu Pinzon (bateria), Eva Catala (kongak eta perkusioak), Peio Irigoien (txistua, dultzaina eta tronpeta), Asier Ardaiz (tronpeta), Alvaro Jarauta (tronboia) eta Iñigo Corao (tronboia.

Iribarrenek nabarmendu duenez, albumak osatzen dituen sei abestiak euskal kantu herrikoiak dira, euskaldun orok antzemateko gai direnak. Bere esanetan: «euskal musikaren inguruan txintik ere ez dakien jendeak, Herbehereetako, Madril nahiz Valentziako jendeak, tarteko, abestiok atseginak, alaiak eta erakargarriak direla mahaigaineratu digute».

Imanol Iribarren konposatzaile, musikari eta pedagogo gipuzkoarra dugu. Batez ere musika klasikoaren, jazzaren eta latinoaren artean ibiltzen da. Tronboiaz gain, pianoa eta teklatua ere jontzen ditu. Beste batzuetan, aldiz, tronpetarekin, tubarekin eta triktrixarekin ere ausartzen da. Egun Aldapeko Basque Latin Jazz izeneko proiektu musikalean murgilduta dago buru belarri.