Ihintza Elustondo
Elkar ondo ezagutzen dute Alberto Artetak (Gares, Nafarroa, 1985) eta haren taldekideek. 2014an kaleratu zuten lehen diskoa, Bat izenburupean, eta jaio berri da bigarrena: The Legacy
(Gaztelupeko Hotsak); euskaraz, herentzia esan nahi du. «Musikari gisa
mundu honetan utzi behar dugun herentzia da diskoa. Hori hor geldituko
da ja», dio Artetak. Aurrekoan bezala, jazz estiloari eutsi diote
oraingoan ere. Bi urte igaro dira lehen esperientzia hartatik, eta hori
nabaritu egiten da emaitzan, haren esanetan. «Gehiago ezagutzen dugu
elkar, interakzio handiagoa dago. Konposizio aldetik ere eman dugu
aurrerapauso bat: kantak garatuagoak dira, melodia gehiago dute, musika
idatzi gehiago dago...». Musikariaren iritziz, aurreko lana baino
«freskoagoa» da oraingo hau.
Instrumentala da diskoa. Artetak konposatu ditu abesti guztiak —My Romance
izan ezik—, eta saxo tenorra jotzeaz arduratu da. Iruñeko Pablo
Sarasate goi mailako musika kontserbatorioan hasi zituen ikasketak, eta,
egun, irakasle da han. Harekin batera aritu dira Luis Gimenez
(gitarra), Satxa Soriazu (pianoa), Kike Arza (kontrabaxua) eta Juanma
Urriza (bateria). Gitarra jotzailea izan ezik, gainontzeko guztiak
aurreko diskoko musikari berberak dira. Abesti batzuetan instrumentu
batzuk entzuten dira, eta, besteetan, beste batzuk. Artetaren arabera,
modu natural batean lortu dute «aniztasuna»: «Musikak eskatzen duenaren
arabera, batak edo besteak jotzen du».
Kantu bat, istorio bat
Kantu
bakoitzean istorio bat jaso dute. «Konposatu nituenean banituen buruan
ideia jakin batzuk, kanta bakoitza zein bidetatik bideratu nahi nuen.
Oso argi nuen haietako bakoitzak istorio bat kontatuko zuela: hasiera
bat, garapen bat eta ildo luze bat izango zituela. Eta nik uste dut hori
lortu dugula». Artetaren iritziz, eragin handia izan du etxean entzuten
duen musikak: gaur egungo New Yorkeko musikari gazteak, batez ere.
Besteak beste, Mark Turner eta Ben Wendel daude autore horien artean.
«Azkenean ezinezkoa da zuk normalean entzuten duzun musikarekiko zerbait
oso ezberdina egitea».
Aldaketa handiak daude abesti batetik
bestera: erritmo lasaiak eta biziak tartekatzen dira, etengabe atmosfera
ezberdinak sortuz. Baina kontraste horiek, pieza batetik bestera ez
ezik, haien barrenean ere gauzatzen dira. Horregatik, abesti nahiko
luzeak atera zaizkie: ia hamar minutu irauten du luzeenak.
Baina
badira hogei segundoren bueltan irauten duten beste hiru pieza. «Ez
dakit abestiak diren, egia esan. Korte oso-oso motzak dira. Beste kantak
oso luzeak direnez, ideia ona iruditu zitzaigun horrelako batzuk
sartzea kanta luzeen artean. Entzulearen belarria freskatzeko,
nolabait». Bestalde, entzulea estudio barrura eramateko ere baliatu
dituzte doinu horiek. «Korte horiek ez ziren aurrez adostu. Satxa
pianista berotzen ari zenean grabatzeko botoiari eman genion 15
segundoz, eta hori zuzenean diskora joan da, adibidez. Nik uste dut
badela modu bat entzulea diskoa grabatu zen momentu hartara bertara
eramatekoa».
Hark konposatu ez duen abesti bakarra My Romance
da, Richard Rodgersen klasikoa. «Oso gustuko dudan kanta da, gure lagun
Mauro Urriza omendu asmo duena». Pianista nafar «oso famatua eta oso
maitea» izan zen hura, eta iaz hil zen. «Hari eskainitako kanta da. Bere
azken diskoan jotzen zuen azken kanta da».