Estandarretik ihesi 90eko 'noise' pop-ari so egiten
Izenak ematen du taldearen ildoaren arrasto bat. Ama Sayren kantu baten izenburua da Adi Holden, eta Ezkerraldeko taldeak bezala, melodiaren eta intentsitatearen arteko orekarekin eta hizkuntzarekin jolastea du gustuko Bergarako laukoteak
Iturria: | Berria |
Eguna: | 2010/03/12 |
1990eko talde independenteen lekukoa -Cancer Moon, Screamin' Trees, Sonic Youth...- hartu du taldeak, Iker Barandiaran Danbaka lehiaketako arduradunaren iritziz.
Taldekideak Cool Panic punk rock taldean aritu ziren Adi Holden sortu aurretik. «Noise pop egin nahi genuen, eta hizkuntzarekin esperimentatu. Literatura asko irakurtzen dugu, euskarazkoa zein erdarazkoa, eta normalean, irakurritako testu batek iradokitako melodiatik abiatzen gara musika egiteko», azaldu du Alex Muela abeslari eta gitarristak. Joseba Sarrionandiak itzulitako Charles Baudelaire eta Atharda Vedaren testuak musikatu dituzte diskoan, Mikel Laboari keinu bat egin diote Ilargia eskuetan kantuan, eta Hüsker Dü-ren bertsio bat grabatu dute , Diane.
Adi Holdenen zuzenekoak bereziak izaten dira. «Kantuak zabalik uzten ditugu, kontzertuetan osatzeko. Batzuetan oso ondo ateratzen zaigu, beste batzuetan erdipurdi, eta askotan oso gaizki. Baina erantzukizuna geure gain hartzen dugu. Nahiko aspertuta gaude musika estandarrarekin».
Urtebeteko bizitza baino ez zuten lehiaketara aurkeztu zirenean, 2008. urtean. Hala ere, Danbaka lehiaketako bi sariak irabazi zituzten The Wet Bandek eta Adi Holdenek: talde onenarena eta Debagoienako talde onenarena, hurrenez hurren. Sariaren emaitza dagoeneko kalean da, Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak argitaraturiko bi diskoetan. The Wet Band eta Adi Holdenekin batera lehiaketako finalean aritutako beste taldeak ere, Normanek, duela hilabete batzuk argitaratu zuen lehen diskoa.
Jon Eskisabel