Danbakak Adi Holden eta The Wet Banden lanak kaleratu ditu
Debagoienako musika talde gazte eta sortzaile berrien bozgorailu izateko asmoz sorturiko Danbaka musika lehiaketaren 2008ko irabazleen diskoak aurkeztu zituzten atzo Donostian. Gaztelupeko Hotsak zigiluaren babesarekin, Arrasateko Shot! estudioetan grabatu dituzte.
Iturria: | Gara |
Eguna: | 2010/03/12 |
Euskal Herrian musika lehiaketa ugari antolatzen dira urtean zehar. Bilbo Hiria edo Gaztea bezalako lehiaketak nazio mailakoak dira; beste batzuk, aldiz, tokiko irrati kate, musika elkarte edo gazte kolektiboek antolatzen dituzte.
Danbaka musika lehiaketa, 2004ean sortu zen Goiena komunikazio kooperatibaren eta Elgetako Kafe Antzokiaren arteko elkarlanaren emaitza gisa. Helburua, Debagoinako musika taldeen bozgorailu izatea, tokiko musika ezagutzera ematea eta eskualdeko sortzaile berriei zuzenenean jotzeko agertoki duina eskaintzea. Orain, 2008ko edizioan garaile izandako bi musika taldeen lanak argitaratu berri ditu Gaztelupeko Hotsak zigiluak; biak ala biak, egun Deba bailaran egiten den musikaren lagin bikainak dira.
2007an sorturiko taldea izan arren, musika munduan eskarmentua eta oholtzak dituen taldea dugu Adi Holden. Orain dela hainbat urte, taldekideetako batzuk Cool Paniks taldean aritu ziren, eta esperientzia hori nabari da diskoaren azken emaitzan. 90eko hamarkadako musika alternatiboa entzun daiteke nagusiki taldearen izen bera daraman lan berrian; hala, kantu guztietan intentsitateak, musika jolasak, distortsioak eta ekaitz eta barealdiak nahasten dituzte. Diskoa laukote bezala grabatu badute ere, azken hilabete hauetan bosgarren kide bat ere batu da taldera elektronikarekin jolastu eta esperimentatzeko duten ideian sakontzeko.